Arazoak konponduta, zabalik da berriz ere Azkarateko mendatea

Julene Frantzesena 2023ko urt. 18a, 08:23

Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera, goiz erdi aldetik ibilgailu guztientzat zabalik da Azkarate mendatea. Dena den, Elosuan kontuz gidatzeko gomendioa egiten jarraitzen du erakundeak. Eskualdean, Azpeitiko Urrakiko mendatea ere ireki dute, eta Meagan nahiz Bidanian kontuz gidatzea gomendatu dute, elur dezente egin duelako.

Iragarrita zegoen moduan, elurra egin du bart Azkoitia inguruko mendietan eta mendateetan; goizaldean ia herriguneraino ikus zitekeen estalki zuria. Elurra tarteko, hainbat eragozpen sortu dira, batez ere, bigarren mailako errepideetan.

Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera, hainbat dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oraindik itxita dauden mendateak, eta horien artean izan da, adibidez, Azkarate; goizeko 10:00ak aldera arte itxita egon da ibilgailu guztientzat errepidea, baina sortu diren arazoak konponduta, zabalik da berriz ere GI-2634 errepidea. Dena den, Trafiko Zuzendaritzak han kontuz gidatzeko gomendioa egin du.

Elosuko mendatean ere arretaz gidatzeko eskatu dute; izan ere, elur ugari egin du han ere. Suhiltzaileak aritu dira goizean Elosutik Gorlarako bidea garbitzen, Urolako Suhiltzaileek grabatutako honako bideo honetan ikus daitekeenez:

Eskualdean, bestalde, Urraki mendatean ere elurra gogoz egin du, eta hura ere guztiz itxita izan da 12:00ak aldera arte. Dena den, errepidea garbitu dute, eta ibilgailu ororentzat dago irekita dagoeneko. Elosuan bezala, Meagan nahiz Bidanian ere kontuz gidatzea gomendatu dute, elur dezente egin duelako leku horietan ere. Mandubian, berriz, goizean autoek kateak behar izan dituzte hainbat orduz, eta gainerako ibilgailuentzat itxita egon da, baina dagoeneko garbitu dute errepidea.

Errepideetako egoera Trafikoa.eus webgunean kontsulta daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide