Euskal Herriko Itzulia Azkoititik igaroko da apirilaren 8an

Andoni Elduaien 2023ko urt. 15a, 09:00

Lasterketako tropela, iaz, Altzibarko biribilgunera iristen. (Nerea Uranga)

Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etapan igaroko du lasterketak herria. Hain zuzen, Eibarren hasi eta bukatuko da etapa apirilaren 8an. Azken urteetan bezala, Azurki gainetik iritsiko da lasterketa Azkoitiko herrigunera, eta handik Elosua auzora zuzenduko da.

Euskal Herriko Itzuliak Azkoitiko lurrak zapalduko ditu beste behin. Lasterketaren antolakuntza are sozialen bidez jakinarazi du seigarren eta azken etapak zer bide egingo duen, eta mezuaren arabera, aurten ere Azkoititik igaroko dira errepideko txirrindularirik onenak. Apirilaren 8an, larunbatez, igaroko da tropela Azkoititik.

Lasterketaren 62. edizioa izango da aurtengoa, eta antolatzaileek dagoeneko zehaztuta zituzten etapa bakoitzeko irteerak eta helmugak hartuko dituzten herriak eta hiriak. Txirrindulariak Gasteizetik irtengo dira apirilaren 3an, astelehenez, eta Eibarren bukatuko dute apirilaren 8an, larunbatez.  137,8 kilometroko bidea osatu beharko dute Eibarko irteera lerrotik herri bereko helmugara bitartean.

Azurkiko mendatetik (1. mailakoa) sartuko da lasterketa Azkoitira, eta Madariagatik zehar Azkarate gainera jaitsiko dira segidan. Ondoren, Azkarateko mendatea Azkoitia aldera jaitsiko dute txirrindulariek. Baztarrikaldeko biribilgunera iritsiko da lasterketa handik, eta saihesbidean Altzibarko biribilgunerako bidea hartuko du. Altzibarren, berriz, Urretxura doan bidera zuzenduko da tropela, baina ez dira hara iritsiko; izan ere, txirrindulariek gainditu beharko duten hurrengo mendatea Gorlakoa (2. mailakoa) izango da. Elosua auzoko errepidea igo beharko du tropelak mendatea egiteko; han agurtuko du Euskal Herriko Itzuliak Azkoitia, gero Bergarara (Gipuzkoa) bideratuko baitira.

Hona hemen Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etaparen profila:

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide