Azkoitira bidean dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak

Andoni Elduaien 2023ko urt. 4a, 17:45
Meltxor Errege Magoa, 2020ko kabalgatan.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek zaldiz zeharkatuko dituzte Azkoitiko kaleak bihar arratsaldean. 19:30ean abiatuta, ohiko ibilbidea egingo dute hiru Errege Magoek. Santa Klara komentutik abiatuko dira eta Andre Mariaren Jasokundeko parrokian amaituko dute kabalgata. Arratsaldean, Errege Magoen laguntzaileak eliz atarian egongo dira.

Errege Magoak bihar arratsaldean iritsiko dira Azkoitira. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek zaldi gainean zeharkatuko dituzte ostegunean herriko kaleak. Ostegunetik ostiralerako gauean etxez etxe opariak banatzen hasi aurretik egingo dute ohiko kabalgata hiru Errege Magoek, eta herritarrak agurtzeko nahiz haiei gozokiak banatzeko tartea hartuko dute orduan.

Hiru lagunak Santa Klara komentutik abiatuko dira 19:30ean, eta azken urteetan egin izan duten ibilbide bera errepikatuko dute bihar ere. Hasteko, komentutik Balda plazarako bidea hartuko dute, eta handik Plazaberrira bideratuko dira. Kale Nagusian gora, herriko plazan egingo dute arratsaldeko lehen geldialdia. Herodesen jauregia –udaletxea– bisitatuko dute plazan, eta harekin hitz egin nahiz jauregira sartzeko baimena eskatu ondoren, herritarrak agurtzeko tartea hartuko dute.

Jauregitik irten, zaldi gainera igo eta herriko azken kaleak zeharkatuko dituzte segidan hiru erregeek. Kale Nagusitik San Martin kalera joango dira lehenengo, eta handik Ibaiondo kalera gero. Elkarguneko biribilgunean, berriz, Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizara zuzenduko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta han Jaiotzari eskaintza egingo diote. Beste urte batez, Ekarriko, ekarriko oihuak ez dira faltako Azkoitiko herrian.

Errege Magoak kalera atera aurretik, ordea, haien laguntzaileak eliz atarian egongo dira arratsaldean. 16:30ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen laguntzaile bana egongo da elizaren ate aurrean, eta herriko txikienek gutunak emateko aukera izango dute orduan. Bueltan, laguntzaileek gozokiak banatuko dizkiete haurrei. Haurrek Errege Magoen laguntzaileekin argazkiak ateratzeko aukera ere izango dute orduan.

Elosuan ere bai, arratsaldean

Herrigunean egingo duten kabalgata ez da herriko bakarra izango; izan ere, Elosua auzora ere iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak. 18:00 inguruan iritsiko dira auzora traktorean, eta ekitaldi nagusia auzoko pilotalekuan egingo dute. Hiru erregeak han eseriko dira eta txikienek eskutitzak emateko aukera izango dute orduan. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, berriz, opariak banatuko dizkiete neska-mutilei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide