Julen Alberdi 'Txikia IV.a' eta Jon Unanue 'Goenatxo III.a', txapeldun

Andoni Elduaien 2023ko urt. 1a, 14:35

Azkoitiko bi herri kirolariek txapel banarekin agurtu zuten 2022. urtea. Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketa irabazi zuen Txikia IV.ak, Binakako Harri-jasotze Txapelketa Goenatxo III.ak. Aizkolariak minutu eta erdi eskaseko aldea atera zion Mikel Larrañaga azpeitiarrari, eta harri-jasotzaileek Aimar Galarragak eta Paulo Azpiazuk baino ehun kilo gehiago jaso zituzten.

Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Jon Unanue Goenatxo III.ak ezin hobeto agurtu zuten 2022. urtea. Atzo, larunbata, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuan jokatu zuten Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren, Binakako Harri-jasotze Txapelketaren eta Emakumeen Lau Kiroletako Herri Kirol Txapelketaren finala, eta Azkoitiko bi herri kirolariak txapel banarekin itzuli ziren etxera. 

Aizkoran, Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta izan zituen aurkari Txikia IV.ak. Hiru aizkolariek hamabi kanaerdiko ebaki behar izan zituzten atzoko finalean, hau da, 54 ontzako dozena bat egur. Azkoitiarrak azkar eta ondo ebaki zituen egurrak; hark, 27 minutu eta 24 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Larrañaga sailkatu zen bigarren, enborrak 29 eta bost segundoan ebakita. Ezpeleta, berriz, hirugarrena izan zen, lanak 32 minutu eta hamasei segundoan eginda. Txikia IV.ak bikain borobildu zuen 2022. urtea.

Harri-jasotze txapelketan, berriz, Goenatxo III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a nagusitu ziren Asteasun. Bikoteak 13.125 kilo altxatu zituen sorbaldara, Aimar Galarragak eta Paulo Azpiazuk 13.025 kilo eta Xabier Aranburu Guztak eta Xabat Olaizolak 12.800 kilo. 175 kiloko harri laukizuzenarekin azkoitiarra aritu zen, eta hark hamar jasoaldi egin zituen, Galarragak –bederatzi jasoaldi– eta Guztak –zortzi jasoaldi– baino gehiago. 100 kiloko zilindroarekin, berriz, Azpiazuk egin zituen jasoaldi gehien (35). Olaizola zarauztarrak (34) eta Izeta IV.ak (33) egin zituzten. 

125 kiloko kubikoarekin, ostera, Goenatxo III.a eta Izeta IV.a nabarmendu ziren. Bikoteak 31 jasoaldi egin zituen, Guztak eta Olaizolak, 28 jasoaldi eta Galarragak eta Azpiazuk 26. Eguneko azken lana 100 kiloko bolarekin egin behar izan zuten harri-jasotzaileek, eta onenak Galarraga eta Azpiazu izan ziren. Horiek 47 jasoaldi egin zituzten, Guztak eta Olaizolak 45 eta Goenatxo III.ak eta Izeta IV.ak 42.

Emakumeen lau kiroletako txapelketan, bestalde, Txindoki taldea nagusitu zen Larrun taldearen aurka. Irabazleek hemezortzi minutu eta 23 segundo behar izan zituzten txingetako, harri jasotzeko, aizkorako eta ingudea altxatzeko lanetan. Larrun taldeak, berriz, hemeretzi minutu eta 31 segundo. Karmele Gisasolak 112 kiloko zilindro zaharra bueltan jasotzeko marka egin zuen sorbaldara birritan altxatuta. 

Azkoitia hiru bider egin dute kirolariek txapeldun aste honetan. Atzo, Txikia IV.ak eta Goenatxo III.ak jantzi zuten txapelq, eta ostegunean, Iban Larrañagak Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuen bigarrenez. Lau egunen barruan hiru txapel irabazi ditu Azkoitiko herriak. 

Argazkiak: Ibon Errazu

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide