Anarik eta bere bandak kontzertua eskainiko dute arratsaldean Matadeixen

Andoni Elduaien 2022ko abe. 29a, 13:21
Anari abeslari azkoitiarra.

20:30ean hasiko da kontzertua gaur, Matadeixen. Abeslari azkoitiarrak "denbora tarte batez" bere bandarekin eskainiko duen azken kontzertua izango da gaurkoa. Sarrerak 7 euroren truke eskuratu ahal izango dira aretorako sarreran, 18:00etatik aurrera.

Anarik kontzertua eskainiko du gaur, osteguna, Matadeixen. 20:30ean hasiko da musikari azkoitiarraren emanaldia han, eta gaurkoa bere bandarekin eskainiko duen azken kontzertua izango da; izan ere, gaurkoa "denbora tarte batez" Anarik eta haren bandak elkarrekin joko duten azken emanaldia izango dela jakinarazi dute. Hori horrela izanda, "emanaldi berezia" izango dela aurreratu dute.

Anarik 1995 urtean hasi zuen musika bidea Azkoitian, eta geroztik, ez da agertokietatik jaitsi. Urte hauetan guztietan iraupen luzeko bost disko eta zenbait kantu pilatu ditu bidean. Estudioko azken emaitza bi kantuz osaturiko Orain entzungo duzun hau… (Bidehuts) disko txikia da. Banda formatuan arituko da gaur Matadeixen Anari (ahotsa eta gitarra), eta bidelagun izango ditu Ander Mujika (gitarra), Xabier Olazabal (baxua), Mikel Txopeitia (bateria), Mariano Hurtado, (pianoa eta hammonda) eta Xabi Etxeberri (biola).

Sarrerak gaur bertan eskuratu ahal izango dituzte kontzertura doazen ikus-entzuleek Matadeirako sarreran. 18:00etan jarriko dituzte sarrerak saltzen, eta ikus-entzule bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ahal izango ditu. Sarreren prezioa 7 eurokoa da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide