Autobusa jarriko dute Mahler Chamber Orchestraren eta Mitsuko Uchida pianistaren Kursaaleko kontzertura joateko

Anartz Izagirre 2022ko abe. 27a, 16:10
Mitsuko Uchidaren irudi bat.

Urtarrilaren 13an kontzertua eskainiko dute Donostiako Kursaalen Mahler Chamber Orchestrak eta Mitsuko Uchida pianistak. Autobusa jarriko dute Azkoititik, eta urtarrilaren 9an amaituko da izena emateko epea.

Mahler Chamber Orchestra eta Mitsuko Uchida pianista Donostiako Kursaalen izango dira datorren urtarrilaren 13an, eta Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Azkoititik autobusa egongo da hara joan-etorria egiteko. Emanaldia 20:00etan izango da Kursaaleko auditorioan, eta 18:30ean aterako da autobusa Julio Urkixo kaleko autobus geltokitik.

Kontzertura joateko interesa dutenek Kursaal Elkarguneko webgunearen bitartez kontzerturako sarrera erosi beharko dute, eta ondoren, autobuserako lekua erreserbatu beharko dute kultu@azkoitia.eus helbidera idatzita edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta. Urtarrilaren 9a izango da autobusean izena emateko azken eguna, eta gutxienez hamabost pertsonako taldea osatzen ez bada, eskaintza bertan behera geldituko da eta sarreraren dirua bueltatuko zaie bezeroei.

Langabetuek eta 30 urtetik beherakoek sarrerak hiru eurotan eskuratu ahal izango dituzte. Behin beharrezko erreserbak egin ostean, kontzertuaren egunean bertan interesdunak Kursaaleko leihatilara joan beharko du, eta bere adina (Ordu Gaztea) edo lanaren egoera (langabetuak) egiaztatu ondoren, sarrera erosi beharko du. Adierazi dutenez, sarrera horien kokapena egun horretan leihatilan erabilgarri dauden sarreren araberakoa izango da.

Bi izar

Mitsuko Uchida gaur egungo Mozarten interprete handienetariko bat da. Aspalditik Mahler Chamber Orchestrarekin jarduten du lankidetzan, konpositore horren pianorako kontzertuetan zentratuta. Mozarten Pianorako 25. kontzertuak, Schoenbergen 1. Ganbera Sinfoniak eta Mozarten Pianorako 27. kontzertuak osatuko dute egitaraua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide