Bizitzaren zentzua

Andoni Elduaien 2023ko urt. 15a, 09:00

Andoni Elduaien kazetariak abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Bizitzaren zentzua'.

Badoa 2022. urtea ere. Egun gutxi gelditzen zaizkigu urte zaharra agurtu eta urte berriari ongietorria emateko. Urtearen balorazioa positiboa edo negatiboa izan da? Hori izango da hil hau amaiera aldera gerturatu eta azken hamabi hilabeteen errepasoa egiterakoan gutako bakoitzak buruan izango duen galdera. Erantzuna ematea ez da erraza. 2023. urtean sartuko gara, urte borobila 1993. urtean jaio ginen guztiontzat; izan ere, dena ondo bidean, gure bizitzako hirugarren eskailera mailara jauzi egingo dugu. Irudipena dut, haurrak edo gaztetxoak ginen sasoiko bizitza hura guztiz aldatu zaigula; aldatu edo galdu, ez dakit nola deitu. Aldaketa bat bizi izan dugu, eta horri izen bat eman behar diodanez, bizitzaren zentzua deituko diot, akaso hori baita urtez urte gutako bakoitzari aldatzen zaiguna: zentzua.

Bizitzaren zentzua zein eta zer den galdetzea ez da gauza berria; eta ez da erraza. Mendez mende, galdera horren erantzun bakar bat lortzeko ahaleginak egin diren arren, galderak indarrean dirau oraindik guztiontzat. Zergatik? Ez dagoelako pertsona guztiontzat balio duen erantzun bakar bat, ez baitago zentzu bakar bat guztiontzat; eta eskerrak. Guztia ari da aldatzen bizitzan, egunez egun eta orduz ordu, eta eguneroko gertakizunek, onek zein txarrek, eragina dute pertsona bakoitzaren bizitzaren zentzuan. Adinaren, testuinguruaren eta bakoitza murgilduta dagoen kulturaren arabera ere aldatzen da zentzua, baita sinesmenak eta esperientziak kontuan hartuta ere. Bizitzaren zentzua ez da berbera eskolaratu berri den haur batentzat edo unibertsitatea amaitzea desio duen ikasle batentzat; edota ez da bera gaixotasun larri baten aurka ari denarentzat. Adibideak milaka izan litezke.

Oraina bizitzeko gai izateak ematen dio zentzua bizitzari, bizitzen ari naizen aldiro gozatzeak

Nire lehengo eta oraingo bizitzaren zentzuak ere zeharo desberdinak dira. Duela urte batzuk, batik bat umetan, ezkontzea, dirua izatea, munduko txoko zirraragarrienetara bidaiatzea eta auto nahiz etxe ona erostea genuen buruan. Zuek ere bai, ezta? Hala ikusten genuen etorkizuna eta halako kaleko jolasak egiten genituen, izan sokadantzan –Aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz?, zioen batek– edo paperezko comecoco izeneko jolasean. Orain, ohartu naiz horiek guztiak nire buruko ilusioak edota tranpak zirela. Egungo errealitatetik oso urrun gelditu diren ilusioak izan dira behintzat.

Abenduko lehen egunetatik so eginda, ez dakit etorkizunean zein izango den nire bizitzaren zentzua. Etorriko den aldaketak edo etorriko ez denak emango dit erantzuna. Oraina bizitzeko gai izateak ematen dio zentzua nire bizitzari, bizitzen ari naizen aldiro gozatzeak, ondoren datorrenaz pentsatu gabe. Saia gaitezen aldaketa horiek guztiak bizitzako aukera bezala ulertzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide