Duela mende erdi Herriarteko txapelketan lortutako lehen garaipena oroitu dute Azkoitian

Ane Olaizola 2022ko abe. 10a, 13:04

Azkoitiak 1972an irabazi zuen aurrenekoz Gipuzkoako Herriartekoa, eta mende erdi beranduago, pilota erakustaldiekin zein erakusketa batekin gogoratu dute lorpen hura.

Aspaldi da Azkoitiko pilotariek Gipuzkoako Herriarteko txapelketarik irabazten ez dutela, baina gaur-gaurkoz, txapel gehien gordetzen dituen herria da. Aurten, gainera, lehen txapela irabazi zutela 50 urte bete dira, eta urteurren borobila ospatzeko, hainbat ekitaldi egin dituzte gaur eguerdian herrian, udalak eta Oteiza pilota elkarteak antolatuta.

Hasteko, eskuz binakako bi pilota partidu jokatu dituzte Kontzejupean: batetik, Oteizako pilotari Jon Oteiza-Jon Juaristi eta Alex Juaristi-Lander Alberdi bikoteek eskaini dute erakustaldia, eta ondoren Xabier Andreu-Markel Andueza eta Oier Epelde-Aitor Goenaga afizionatu ohien txanda izan da. Dozenaka herritar elkartu da pilotarien partidak ikustera, eta beste hainbeste izan dira Portaleburu aretoan jarri duten erakusketan. Antolatzaileek Herriarteko txapelketetako dozenaka argazkirekin eta egunkarietan argitaratutako orriekin hornitu dute erakusketa, eta herritarrek honako ordutegi honetan bertaratu ahal izango dute: larunbatean, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara, eta igandean, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara.

Eguna borobiltzeko, Herriartekoan parte hartu duten pilotari guztiek bazkaria egingo dute Joseba jatetxean.

1972ko garaipena

Herriko pilotariek lortu dituzten txapelketa askotan lehena izan zen 1972. urtekoa, eta joan zen irailaren 24an bete zen mende erdia azkoitiarrek balentria hura lortu zutenetik. Azkoitiak ditu egun Gipuzkoako herrien artean txapel gehien —hamasei aldiz txapeldun eta sei bider txapeldunorde—. 

Txapelketaren bosgarren edizioan lortu zuen Azkoitiak historian aurrenekoz Herriartekoa irabaztea. Bergarari 3 eta 0 irabazi zioten orduko Donostiako Anoeta frontoian. Infantilen mailan, Larrañagak eta Larrartek 16 eta 4 irabazi zuten; jubenil mailan, Orozkok eta Zubizarretak 18 eta 8 menderatu zituzten bergararrak; eta nagusien mailan, Ansolak eta Atano XII.ak 22 eta 17 irabazi zuten. Garaipenak poz berezia sortu zuen Azkoitian, eta irabazleek karroza baten gainera igota eskaini zioten garaipena herriari.

Pilota munduan hamarkada oparoa izan zen Azkoitiarentzat. 1972. urtean Herriartekoan lehen txapela lortu ondoren, 1974an, 1975ean, 1977an eta 1978an ere irabazi baitzuen herriak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. 1980. urtetik 1999. urtera, berriz, beste bederatzi txapel lortu zituzten pilotari azkoitiarrek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide