Herriartekoan Azkoitiak lortutako lehen garaipenaren 50. urteurreneko ekitaldia egingo dute zapatuan

Anartz Izagirre 2022ko abe. 7a, 14:51
Herriartekoaren irabazleak garaipena karroza gainean ospatzen. ('Azkoitia, pilotarien soro emankorra' liburua)

Duela 50 urte irabazi zuen Azkoitiak lehenengo aldiz Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta urteurren berezi horren harira, ekitaldi berezia egingo dute zapatuan, abenduak 10, Azkoitian. Pilota erakustaldia, bazkaria eta erakusketa egongo dira herritarren gozamenerako.

Oteiza pilota elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatuta, Azkoitiak duela 50 urte Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan lortutako lehen garaipena ospatuko dute zapatuan, hilak 10, Azkoitian. Urteurren berezi horretarako egun osorako egitaraua antolatu dute. Hasteko, Oteizako lau pilotariren erakustaldia izango da, 12:00etan, Kontzejupean; hain zuzen ere, Jon Oteizak eta Jon Juaristik osatutako bikoteak Alex Juaristik eta Lander Alberdik osatutako bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak. Horren ostean, afizionatu ohien pilota erakustaldia izango da, eta Xabier Andreu-Markel Andueza eta Oier Epelde-Aitor Goenaga bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago lehian.

Behin pilota partidak amaituta, Herriartekoan parte hartu duten pilotari guztiek bazkaria egingo dute, 14:30ean, Joseba jatetxean. Bestalde, ostiraletik igandera bitartean erakusketa jarriko dute Portaleburu aretoan. Ostiralean, 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai erakusketa; larunbatean, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara, eta igandean, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara.

1972ko garaipena

Herriko pilotariek lortu dituzten txapelketa askotan lehena izan zen 1972. urtekoa, eta joan zen irailaren 24an bete zen mende erdia azkoitiarrek balentria hura lortu zutenetik. Azkoitiak ditu egun Gipuzkoako herrien artean txapel gehien —hamasei aldiz txapeldun eta sei bider txapeldunorde—. 

Txapelketaren bosgarren edizioan lortu zuen Azkoitiak historian aurrenekoz Herriartekoa irabaztea. Bergarari 3 eta 0 irabazi zioten orduko Donostiako Anoeta frontoian. Infantilen mailan, Larrañagak eta Larrartek 16 eta 4 irabazi zuten; jubenil mailan, Orozkok eta Zubizarretak 18 eta 8 menderatu zituzten bergararrak; eta nagusien mailan, Ansolak eta Atano XII.ak 22 eta 17 irabazi zuten. Garaipenak poz berezia sortu zuen Azkoitian, eta irabazleek karroza baten gainera igota eskaini zioten garaipena herriari.

Pilota munduan hamarkada oparoa izan zen Azkoitiarentzat. 1972. urtean Herriartekoan lehen txapela lortu ondoren, 1974an, 1975ean, 1977an eta 1978an ere irabazi baitzuen herriak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. 1980. urtetik 1999. urtera, berriz, beste bederatzi txapel lortu zituzten pilotari azkoitiarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide