Bazkari giro ederrean amaitu du Plaza Ondo elkarteak Jubilatuen Astea

Andoni Elduaien 2022ko abe. 5a, 10:24

Azken bi urteetan egin ez badute ere, betiko ohiturari jarraituz, bazkaria eginda itxi zuen herriko jubilatuen elkarteak Jubilatuen Astea. 50 lagun baino gehiago elkartu ziren atzo bazkaltzeko Joseba jatetxean, eta sabela bete ostean, erromeria egin zuten herriko trikitilariek lagunduta.

Atzo, igandea, amaitu zuen Plaza Ondo jubilatuen elkarteak aurtengo Jubilatuen Astea. Azken bi urteetan ospatu gabe egon ondotik, joan den aste osoan askotariko ekintzak egiteko aukera izan dute herritarrek nola Plaza Ondo elkartean hala herrian zehar egiteko antolatutako ekintzetan.

Azaroaren 28an ekin zioten asteari, eta orduan, Juan Bautista Mendizabal historialariaren eskutik herriko kaleak zeharkatu zituzten. Hain zuzen, Balda dorretxean hasi zuten ibilbidea, eta Plazaberritik igaro ostean, Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan amaitu zuten ibilbidea. Gune horiek jasotzen duten historia azaldu zien Mendizabalek bisitan parte hartu zutenei.

Bisita gidatuan parte hartu zuten herritarrak, Plazaberrin. (Juan Bautista Mendizabal)

San Andres eguna ere ospatu zuten jubilatuek, jan-edanean, ia herritar guztiek bezala. Hain justu, txorizoa eta txikitoa eskaini zizkieten hamaiketakoaren orduan, Orbela tabernan. Abenduaren 1ean, ostegunez, bingo saioa egin zuten elkartean, eta ostiralean, seiko urrea eta eskoba karta jokoen txapelketa azkarrak.

Atzo, azkenik, meza egin zuten aurrena 11:00etan, Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan. Hura amaitu ondoren, 14:00 inguruan, bazkaria egin zuten Joseba jatetxean. Guztira, 50 lagun baino gehiago elkartu ziren han, eta bazkalostean Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin erromeria egin zuten. Asko izan ziren mahaitik altxatu eta dantzara animatu zirenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide