Inklusioa xede, Txerloiako futbol egokituko topaketan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 4a, 13:45

Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatuta eta Azkoitiko Anaitasuna futbol taldearekin eta Marea Urdinarekin elkarlanean, futbol egokituko topaketa egin dute gaur goizean Txerloia futbol zelaian. Futbolarekiko begirada irekiagoa eta solidarioagoa ahalbidetuko duten elkarbizitza balioak sustatzea izan da gaurko saioaren helburua.

Desgaitasun intelektuala edo fisikoa duten haurrei zein gazteei zuzendutako futbol egokituko topaketa egin dute gaur, igandea, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Guztira, desgaitasunen bat duten 35 lagun inguru elkartu dira Azkoitian, eta Anaitasunaren nesken infantil mailako beste hogei bat jokalari. Izan ere, Anaitasunako nesken arloko zenbait jokalari eta entrenatzaile izan dituzte bidelagun gaurko saioan topaketaz topaketa parte hartzen ari diren lagunek. 

Topaketa horiek Gipuzkoako Futbol Federazioaren ekimenez ari dira egiten Gipuzkoan zehar, eta tokian tokiko futbol klubekin elkarlanean ari dira lan saioak antolatzen, tartean gaurkoa, Anaitasuna futbol taldearekin eta Marea Urdina elkartearekin. Prestakuntza eta sentsibilizazio programa baten ondorio dira futbol egokituko topaketa; izan ere, sustatzaileen helburua da futbolaren inguruko begirada irekiagoa eta solidarioagoa ahalbidetuko duten elkarbizitza balioak bultzatzea, kirol hori sustatuz eta desgaitasuna duten kolektiboei futbolean jarduteko aukera erraztuz.

Era horretan, etorkizunean futbol egokituan edota inklusiboan modu egonkorrean parte hartzeko nahiz lehiatzeko espazio bat sortu nahi dute. Hain zuzen, pertsona horientzako espazio bat sortu nahi du Gipuzkoako Futbol Federazioak, horiek futbol egokituan edo inklusiboan modu egonkorrean parte hartu dezaten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide