Asteburu beltza ISBren lehen bi taldeentzat

Andoni Elduaien 2022ko abe. 4a, 11:00
Manex Ansorregi izan zen gizonezkoen taldeko jokalari onena. (Mikel Otola)

Nola Juaristi ISBk hala Domusa Teknik ISBk galdu egin zituzten atzo, larunbata, beraien neurketak. Gizonek, Tau Castello aurkari zuzenaren aurka 75 eta 92 galdu zuten, eta emakumeek Lima-Horta Barcelonaren etxean 58 eta 55.

ISBren lehen bi taldeek galdu egin dute asteburuan. Juaristi ISBk eta Domusa Teknik ISBk atzo, larunbata, jokatu zituzten bederatzigarren eta hamabigarren jardunaldiko neurketak, hurrenez hurren, eta biek galdu zuten. Gizonen taldea hamazazpi puntugatik erori zen Azpeitiko kiroldegian (75 eta 92) Tau Castelloren aurka, eta emakumeen taldea hiru puntugatik Lima-Horta Barcelona taldearen aurka (58 eta 55), Bartzelonan.

Juaristi ISBk aukera ona zuen Tau Castello aurkari zuzenaren kontra irabazi eta hura jaitsiera postuetarako borrokan sartzeko, baina ez zen posible izan, eta orain, bi garaipenera urrundu zaio. 2 eta 0 hasi zen irabazten Mikel Odriozolaren taldea, baina orduz geroztik markagailuan atzetik izan zen partida guztian zehar. Lehen laurdena, bost puntu azpitik amaitu zuen Juaristi ISBk (21 eta 26). Bigarren laurdenean, ostera, Castelloko (Herrialde Katalanak) taldea hamahiru puntura ere urrundu zen, baina partzial on baten ostean, etxeko taldea asko hurbildu zen (41 eta 48).

Bigarren zatiaren hasieran, bisitariak eraginkorrago aritu ziren saskiaren aurrean, eta segituan zabaldu zuten tartea markagailuan. ISBk hamazazpi puntu saskiratu zituen laurdenean, baina asko kostatu zitzaion aurreneko minutuetan, eta hala lortu zuen ihes egitea Castelloko taldeak. 22 puntuko errenta ere lortu zuen Tau Castellok laurdenaren erdialderako. Dena den, hamabost puntuko alde negatiboarekin hasi zuen ISBk azken laurdena, baina gauzak ez ziren inondik inora hobetu. Amaieran, Juaristi ISBk 75 eta Tau Castellok 92.

Etxeko jokalari bat nabarmendu zen atzo beste guztien gainetik. Manex Ansorregik hamabost puntu saskiratu zituen Tau Castelloren aurka, eta hark hemezortzi puntuko balorazioa lortu zuen. Etzi, asteartea, Torrelavegako (Espainia) Vicente Trueba pabilioian jokatuko dute Odriozolarenk, 19:00etan, Grupo Alega Cantabria taldearen aurka. Gaur-gaurkoz play off postuetan dagoen aurkaria izango du sailkapenean azkena den Juaristi ISBk.

Estu, baina galdu

Domusa Teknik ISBk, bestalde, Bartzelonara egin zuen bidaia atzo, Lima-Horta taldearen aurka indarrak neurtzeko. Pare-parean aritu baziren ere galdu egin zuten Joseba Lizarralderen emakumeek (58 eta 55). Atsedenaldira puntu bat goitik iritsi zen Domusa Teknik ISB, baina handik bueltan asko kostatu zitzaion saskiratzea, eta modu horretan lortu zuten etxekoek markagailua iraultzea eta neurketako puntua batzea. 

Domusa Teknik ISB taldean puntu gehien Josephine De Barrosek lortu zituen (15), baina balorazio onena Juana Maria Molinak eskuratu zuen, hamalau puntu saskiratuta eta 23 puntuko batez bestekoa lortuta. Hurrengo neurketa etzi, asteartea, jokatuko dute Lizarralderenek. Azkoitiko Elkargunean arituko dira, 11:00etan, Oses Construccion Ardoi taldearen aurka. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide