Lagun Onak nagusi Anaitasunaren aurkako derbian

Andoni Elduaien 2022ko abe. 4a, 09:00
Anaitasunako eta Lagun Onakeko jokalari bana, baloiagatik borrokan. (Anaitasuna)

Denboraldiko lehen derbia jokatu zuten atzo Lagun Onaken eta Anaitasunaren gizonen talde nagusiek, Garmendipe futbol zelaian. 2 eta 0 gailendu zen etxeko taldea, Manex Iradiren eta Jagoba Erdoziaren golei esker.

Urteko hitzordurik berezienetakoa zuen atzo Anaitasunaren gizonen talde nagusiak Garmendipen. 17:00etan hasita, Lagun Onaken kontrako derbia jokatu zuen Azkoitiko futbol taldeak, baina Xabi Artetxeren mutilek 2 eta 0 galdu zuten. 

Lehen minutuetan, Anaitasuna gehiago izan zen zelaian, baina Lagun Onakek segituan eman zion buelta horri, eta lehen zatiko bi aukera garbienak Azpeitiko taldeak izan zituen. Batetik, Xabi Geretaren erdiraketa baten ostean, buruz baloia atera bidaltzen saiatu zen Jagoba Erdozia, baina ez zuen ondo asmatu. Bestetik, Ander Bengoetxeak baloi bat ondo kontrolatu zuen, baina Anaitasunako atezainak gelditu egin zuen. Anaitasuna ere gerturatu zen pare bat aldiz Lagun Onaken atera, baina aukera garbirik sortu gabe. Horrela zirela, baloi luze batean Erdoziak Iradiri pasatu zion baloia, eta azken horrek ezkerrez ondo gurutzatu ostean, gola sartu zuen 38. minutuan. Horrenbestez, 1 eta 0 iritsi ziren derbia atsedenaldira, Lagun Onak aurretik.

Bigarren zatiaren hasieran ere, Anaitasuna hobeto sartu zen partidan. Julen Aramendik aukera bat izan zuen; atezainaren aurrean bakarrik gurutzatu zen, baina zutoinera joan zen haren baloia. Hori izan zen Azkoitiko taldeak izan zuen aukerarik garbienetako bat. 65. minutuan, berriz, Lagun Onakek bigarren gola egin zuen: Erdoziak, bakarkako jokaldi batean, ate barrura bidali zuen baloia. 2 eta 0 aurretik jarri zen, beraz, Lagun Onak. Geroago, Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, Castillok Ander Pastriani egin zion jokaldi baten ostean. Pastrianek berak bota zuen penaltia, baina gora bidali zuen baloia. Anaitasuna etsita aritu zen azken minutuetan, eta Lagun Onakek, aldiz, beste pare bat abagune sortu zituen Guilloren eskutik, baina hark ez zuen asmatu atearen aurrean.

Derbiko hiru puntuak Azpeitiko taldearentzat izan ziren, eta hori horrela, sailkapenean puntuetan berdindu du Anaitasuna; bi taldeek hamahiruna puntu dituzte orain. Gaur-gaurkoz, hamargarren postuan da Lagun Onak, eta hamabigarrenean Anaitasuna. Datorren larunbatean, Basconia sailkapeneko bigarrenaren aurka jokatuko dute gorritxoek, 16:30ean, Txerloian.

Emakumeen porrota etxean

Euskal Ligako emakumeek ere galdu egin zuten atzo, Txerloia futbol zelaian. Añorga 'B' taldearen aurka neurtu zituzten indarrak Mikel Barquerorenek, eta 1 eta 2 galdu zuten. Maider Badiolak egin zuen gorritxoen aldeko gola, baina hura ez zen nahikoa izan garaipena eskuratzeko. 

Hamalau punturekin, sailkapeneko hamahirugarren postuan daude orain Anaitasunako emakumeak, hain justu, Añorgarekin berdinduta. Datorren asteburuan, atsedena hartuko dute gorritxoek; hurrengoan, ordea, Goierri Gorri sailkapeneko azken aurrekoaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide