Sanandresak 2022

Guztia prest XXVII. San Andres Xake Txapelketari ekiteko

Andoni Elduaien 2022ko abe. 3a, 09:00
Elkarguneko Herriko Plaza xakerako prest da. (Anaitasuna Kakute)

10:00etan hasita jokatuko dute ehun xakelari inguruk Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatutako sanandresetako xake txapelketa Elkargunean. Lehiakide horien artean, besteak beste, nazioarteko bi Maisu Handi arituko dira. 

Bihar, igandea, XXVII. San Andres Xake Txapelketa jokatuko dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta, areto horretan elkartuk dira inguruko eta nazioarteko xakelariak, herriko xake taldearen sari preziatuagatik borrokatzeko. 

Anaitasuna Kakute taldearen arabera, "gutxinaka-gutxinaka" izen emateak gora egin du, eta azkenean, "ehun lagun inguruk" eman dute izena lehiarako. Horien artean, besteak beste, nazioarteko bi Maisu Handi arituko dira, eta zalantzarik gabe bi lagun horiek bereganatuko dute arreta guztia.

Azkoitiko txapelketa "arrazoi askogatik erakargarria" dela diote herriko klubeko ordezkariek. "Goiz bakar batean jokatzen da txapelketa, erritmo oso azkarrean eta maila handiko xakelariekin. Nola ez, sariak ere onak banatzen ditugu". Sari horiek kategoria guztietara bideratuko dituzte aurten, eta hala, parte hartzaile onenez gain, mailaz maila onenak izan diren xakelariak ere sarituko ditu klubak. Gainera, txanda batetik bestera babesleek eta kolaboratzaileek eskainitako opariak zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Pantaila erraldoi bat ere jarri dute aretoan, eta bertan online zuzenean eskainiko dituzte lehen sei mahaietako partidak. Era berean, txandaz txanda xakelarien arteko parekatzeak ere bertan ikusi ahal izango dituzte lehiakideek, baita txapelketako emaitzak ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide