Silitia eta Ramona's First Evil Boyfriend taldeen kontzertuak bihar, Zurt tabernan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 1a, 10:29
Silitia, Bilboko Kafe Antzokiko finalean (Gaztea)

Bihar, ostirala, 23:00etan hasiko da bi musika taldeen kontzertua Kale Nagusiko tabernan. Silitia taldeak Gaztea irrati katearen 30. Maketa Lehiaketa irabazi zuen, iaz. Ramona's First Evil Boyfriend Azkoitiko taldeak, berriz, duela bi urte pasatxo ekin zion bere bideari.

Bihar, ostirala, bi musika talderen kontzertuak izango dira Zurt tabernan. 23:00etan hasita, Silitia eta Azkoitiko Ramona's First Evil Boyfriend taldeak izango dira protagonistak Kale Nagusiko tabernan.

Xabier Barrutiak (gitarrak, baxua, bateria eta teklatua) eta Ibai Silicatok (ahotsa eta perkusioa) osatzen dute Silitia. Iaz, Gaztea irrati katearen 30. Maketa Lehiaketa irabazi zuen taldeak. Silitia Bilbon sortu zen, eta taldearen estiloa anitza da; batzuetan rockeroagoa da, eta beste batzuetan, poperoa, lasaiagoa, mistikoagoa, elektronikoa edota guztiz organikoa. Oro har, inprobisaziotik hastea eta dantzatzea gustatzen zaio bikoteari.

Ramona's First Evil Boyfriend taldea, berriz, Andrea Pozok eta Jose Mari Unanuek osatzen dute. Konfinamendu sasoian sortutako taldea da bikote azkoitiarrarena. 2020ko apirilean grabatu zituzten beren lehen abestiak, eta urte bereko irailean publikatu zuten zortzi abestiz osatutako lehen proiektua. Ordutik, apurka-apurka, beraien bidea egiten ari dira Euskal Herrian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide