Izarraitz Lanbide Heziketaren lan bat saritu dute Aldundiaren 'Ekonomia zirkularra modelatuz' eskulturen erakusketan

Andoni Elduaien 2022ko aza. 24a, 18:43
Izarraitzeko ikasleak eta ordezkariak, Asensio diputatuarekin, gaurko ekitaldian. (GFA)

Basamortu metalikoruntz izeneko lana aurkeztu du Azkoitiko ikastetxeak Aldundiaren Ingurumen Departamenduak antolatutako eskultura erakusketara, eta hura saritu egin dute. Besteak beste, klima aldaketa eta pandemia garaian naturak hartu zuen lekua nabarmendu nahi izan dituzte proiektuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketak egindako lan bat saritu du Ekonomia zirkularra modelatuz eskulturen erakusketan. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, laugarrenez antolatu du Aldundiak ekimena. Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek, beraien irakasleekin batera, material birziklatuekin egindako eskulturak egin dituzte, aurrez horien inguruan hausnartuta eta diseinua landuta.

Basamortu metalikoruntz lana ondu dute Azkoitiko ikasleek. Lanaren bitartez, haiek adierazi nahi izan dute Amalurrak dituen gai guztiak "xahutzen" ari dela gizakia, eta erremediorik ezean, "basamortu metalikoruntz" joango dela lurra. Besteak beste, klima aldaketa eta pandemia garaian naturak hartu zuen lekua nabarmendu nahi izan dituzte proiektuan.

Ekonomia zirkularra sustatuz, lanbide heziketako ikasleek hondakinak prebenitzeko eta horiek behar bezala kudeatzeko egiten dituzten jarduerak islatu nahi izan ditu erakundeak erakusketarekin. Hain zuzen, helburua da lanbide heziketako ikasleak ekonomia zirkularraren filosofiaz sentsibilizatzea eta hura ezagutaraztea. Hain zuzen, hondakinek produktu berriak egiteko baliabide eta lehengai gisa duten balioa azpimarratu dute.

Gaur goizean egin dute sari banaketa ekitaldia Donostiako Okendo plazako GK Recyling karpan —han jarri dituzte lanak ikusgai—, eta han izan da Jose Ignacio Asensio Aldundiko Ingurumen diputatua. Aurten, hamabi ikastetxek parte hartu dute erakusketan, eta horiei diplomak eta sariak banatu dizkiete, tartean Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleei. "Garrantzitsua da ekonomia zirkularraren ikuspegia txertatzea gure gazteen hezkuntzan, jasangarritasun politiketan lurraldearen etorkizuneko talentuak formatzeko eta etorkizuneko erronken inguruko kontzientzia nahiz sentsibilizazioa sortzeko", nabarmendu du Asensiok.

Ekonomia zirkularra Ingurumen Departamentuaren "helburu estrategikoetako bat" dela adierazi du diputatuak, "hondakinak murrizteko" eta horiek lehengai gisa erabiliko dituen "sektore ekonomiko berri bat bultzatzeko". Aldundiak emandako datuen arabera, gaur egun, 6.500 lanpostu sortzen ditu sektore horrek Gipuzkoan, eta 1.425 milioi euro fakturatzen ditu —Gipuzkoaren BPGd-aren %5,3—. Halaber, 650 milioi euro baino gehiagoko eragin zuzena du Gipuzkoako ekonomian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide