San Martin Ondaregunea bisita birtualen bidez ezagutu ahal izango da aurrerantzean

Andoni Elduaien 2022ko aza. 18a, 15:03
Monica Torres eta Juan Bautista Mendizabal, San Martin Ondaregunean. (Udala)

San Martin Ondareguneko bisita birtuala Azkoitiko Udalaren webgunearen bitartez egin dezakete herritarrek. Guztira, ermitaren barrualdeko hogei punturen bideoak jarri ditu erakundeak ikusteko eta entzuteko. Bisitako azalpenak Juan Bautista Mendizabalen ahotik entzuteko eta ikusteko aukera dago.

San Martin Ondaregunea bisita birtualen bidez ezagutzeko aukera izango dute herritarrek aurrerantzean. Hain zuzen, ermitaren barrualdean gordetzen dena birtualki ezagutzeko gunea egokitu du Azkoitiko Udalak bere webgunean. Erakundeak herriko ondarea "ezagutzera emateko" eta hari "balioa emateko" asmoz jarri du martxan gunea.

Bira birtualean museoko elementu guzti-guztiak ezagutzeko aukera dago, besteak beste, ermitaren, hango hilobien, Ondareguneko panelen eta antropologiaren informazioa jaso ahalko dute herritarrek. Hain zuzen, bisita birtualean zehar hogei bideo ikus daitezke Mendizabalen euskarazko azalpenekin, eta horretarako, pantailan agertzen diren puntu ezberdinetan klikatu beharko dute bisitariek.

Egitasmoaren egileak Monica Torres eta Mendizabal bera dira. Torres arduratu da lan tekniko guztiaz, eta Mendizabalek landu du edukia. "3D erako bisita birtuala da, eta ermitako txoko guztiak ikus daitezke. Lan interesgarria izan da eta balio handikoa, ermitak gordetzen duen historia merezitako kalitate eta xehetasunekin erakusteko", azaldu du Torresek.

Bisita birtuala Azkoitiko Udalaren webgunean egin daiteke, baita ondorengo argazkiaren gainean klik eginda ere. Era berean, Torresek San Martin ermitari buruz egindako bideoa ere ikus daiteke atal horretan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide