'Gari eta goroldiozko', denboraren tolesduretan

Ane Olaizola 2022ko aza. 17a, 15:30
Leire Lopez Ziluaga, Anari Alberdi eta Jose Luis Otamendi. (Irene Elorza)

Anari Alberdik aurreneko liburua kaleratu du: Gari eta goroldiozko. Lehen pertsonan kontatuta, bi paisaiak bat egiten dute 50 urteko emakume bat protagonista duen liburuan. Azkoitiarraren hitzetan, "autorretratu poliedriko" bat da landu duen lana. Gaur aurkeztu du eleberria, bidelagun izan duen Jose Luis Otamendi idazlearekin eta Susako editore Leire Lopez Ziluagarakin batera.

Musikagintzatik nobelagintzara egin du salto Anari Alberdi azkoitiarrak, eta idatzi duen aurreneko eleberria aurkeztu du gaur, osteguna, Donostian: Gari eta goroldiozko (Susa). Alberdik ondoan izan ditu prozesuan bidelagun izan duen Jose Luis Otamendi idazlea eta Susako editore Leire Lopez Ziluaga. Denbora eta horren tolesturek garrantzi berezia hartzen duten bidaiazko lanaren hainbat zertzelada eman dituzte hirurek gaurko aurkezpenean.

Lehen pertsonan kontatuta, 50 urte inguruko emakume bat protagonista duen liburua da Alberdik ondu berri duena, eta bi paisaiak bat egiten dute kontakizunean: "50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika".

Alberdiren ustez, bi ideia daude liburuan, hasierako "su txikia" pizten dutenak. "Konturatzen naiz abestietarako balio ez didan zerbait dela idazten ari naizena. Alde batetik, orain dela hamar urte edo, testu bat idazten hasi nintzen, oso gazte hil zen nire aita baino zaharragoa nintzela konturatu bainintzen. Orain, zaharragoa naiz, eta hor ikusten dut denboraren jolasa. Bizitzan gertatzen diren oso gauza ohikoak dira, baina halako toles bat egiten dit denborak momentu horretan, eta jartzen nau nonbaitera begira. Bestalde, garai hartan bertan, hamahiru olibondo zaintzeko ardura jaso nuen oinordetzan, eta olibondo horiek ulertzeko ariketa batean jartzen naiz". Gertaera eta aldi horietan "abiapuntu bat" dagoela adierazi du azkoitiarrak. Hala ere, argitu du ez dela bere familiari buruzko liburua, eta saiatu da momentu honetan bertan bizi direnek "bidaia" egin eta bakoitzak ikusten dituen gauzak azaltzen.

Tonuari dagokionez, autorea saiatu da transzendenteak diren gaiak zama kenduta kontatzen; eta, aldiz, arinagoak diren gaiei tonu transzendentalagoa ematen. "Niretzat, literatura kontatzeko modua da. Bizitzak, berez, ez dira literarioak, kontatzeko modua da literiarioa". Azkoitiarrak horretan "ikasi eta gozatu" du gehien. Bestalde, liburuan badago "beste dimentsio batera" ateratzen den narratzailea, pertsonaiarekiko distantzia ematen diona, eta hori sortzea ere "ariketa ederra" izan dela adierazi du idazleak. "Narratzaileak aukeratzen du zer kontatu, zer ez, nola kontatu, elipsia noiz erabili... Hori propio egin da liburuan, eta beraz, badago pertsonaren eta pertsonaiaren gainean hirugarren kapa bat".

Edukiari buruz, "autorretratu poliedriko" bat da landu duen lana. "Pertsonaia ez da azaltzen; argiaren kontra dagoen itzal bat da. Mugimendua duen argazkia da, eta enkoadrean sartzen dira denbora eta espazioa". Espazioari dagokionez, azkoitiarraren esanetan, badago paisaiaren erabilera "poetiko eta politikoa", autoreak "sozio-poetika" gisa definitu duena. "Bizitzako instanteen eta munduaren atenporalitatearen ausazko sinkronia zoragarri horiek denak sartzen saiatu naiz liburuan".

Bernardo Atxaga idazleari zor dio Alberdik liburuaren titulua. "Obabakoak liburuaren pasarte batean aipatzen du pertsonaia batek gari eta goroldiozko izaera duela. Obabakoak-en paisaiari buruzko hitzaldi bat egin genuen Iñigo Aranbarrik eta biok, eta orduan geratu zitzaidan buruan kontzeptu hori".  Azala, berriz, Mikel Uribetxeberriak egin du. "Uste dut oso ondo zaintzen duela otso, koiote edo delako kanido horrek liburuaren barruan dagoena".

"Gogoaren eta oroimenaren galderak"

Susako editore Ziluagak hartu du hitza, eta hark azpimarratu du kontakizunean gari eta goroldiozkoa dela paisaia, baita pertsonaia bera ere: "Literalki har dezakegu, eta familia adarrak aipatu: nongoa den narratzailea, eta zer esan ahi duen goroldiotik, hau da, bere ohiko ingurunetik, garira joateak... Pentsa genezake pertsonok sarri ditugun alde askotarikoetan: nola izan gaitezkeen gauza bat eta justu kontrakoa egunaren, lekuaren, aurrean dugunaren arabera". Besteak beste, orainaren "gogoaren eta oroimenaren galderak" aurkituko ditu irakurleak liburuan.

Bestalde, editorearen hitzetan, hari nagusi bat du liburuak, eta hari berari lotuta doazen txatal txikiek osatzen dute lana. "Baina aparte irakur daitezke, eta aparte funtziona dezakete. Txatal horietako bakoitzak izango luke zentzua beste liburu batean; esaterako, txatalez osatutako liburu batean". Nagusiki lehen pertsonan kontatuta dagoen narrazioan, zinematik etxera bidean doan 50 urte inguruko emakume bat da istorioko protagonista.

Bidaia, erroen iturburura

Otamendik, bere aldetik, azpimarratu du Alberdiren lana "berri oso ona" dela literatura maite dutenentzat, eta adierazi du bati baino gehiagori "sorpresa" eragingo diola liburuaren irakurketak. "Ikusi batera, gainera, nahiko arrunta da obra honen azaleko oinarria: mende erdiaren bueltan dabilen emakume batek, zinema atarian abiatzen du bidaia, eta amaren aldeko familiaren etxeko ganbaratik atera berritan amaituko da. Goroldioa eta garia, elkarri eutsirik dituen gogo gorputz batean, norbere erroen iturburura egindako bidaia dela esan daiteke".

Kontakizunaren "osotasuna eta digresio txikiak josteko modua" nabarmendu ditu Otamendik, eta kontakizun lineala izatetik, plano sekuentzia ugariz ondutako liburua dela adierazi du. "Gauzak erakusteko sakontasun dotorea eta sekuentzien muntaia ausarta primitiboa eta basa iruditu zaizkit. Elipsi narratiboaren joko burutsua agerikoa da". Idazle azpeitiarraren arabera, liburuak orainetik iraganera txango bat egitea proposatzen du. "Iragana, egon, ordea, etorkizunean dago. Eta geroa iritsiko bada, oroimenaren ahienetan gora igoz bertaraino joan behar da; familiaren pisua berebizikoa da". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide