Jexux Arrizabalaga 'Tata' omenduko dute bihar parrokian

Andoni Elduaien 2022ko aza. 11a, 09:00

Jexux Arrizabalaga 'Tata'. (Argazkia: Arnaitz Rubio)

13:00etan egingo diote omenaldi ekitaldia herriko hainbat elkartek eta lagunek Arrizabalagari Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan. Musika eta dantza emanaldia prestatu dute haren omenaldirako.

Bihar, larunbata, azken 40 urtetan Azkoitiko Udaleko Kirol, Kultur eta Festa teknikaria izan den Jexux Arrizabalaga Tata omenduko dute herriko zenbait elkartek eta lagunek. Azken lau hamarkadetan egindako lana eskertzeko egingo diote omenaldia hari Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan, 13:00etan. Omenaldi ekitaldia irekia izango da, eta besteak beste, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera izango da.

1984tik da Arrizabalaga udaleko Kirol, kultur eta Festa teknikaria. Azken hilabeteetan, herriko kirol eta kultur elkarteen omenaldi asko jaso ditu hark, baita udalarena ere. Halaber, Azkoitiko helduen eta haurren danborrada antolatzen duen elkarteak ere haren izena eramango du aurrerantzean.

Honako lotura honetan irakur daiteke Nerea Uranga kazetariak Jexux Arrizabalaga Tatari ekaineko Maxixatzen aldizkarian egindako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide