Emakume Langileen Eskolako lehen saioa egingo du Itaiak larunbatean

Andoni Elduaien 2022ko aza. 8a, 10:46
Iaz egindako eskola bateko irudia. (Itaia)

Itaiaren ikasturte honetako Emakume Langileen Eskolaren lehen saioan subjektu politikoaz hausnartuko dute. Elkargunean jarri dute hitzordua, 11:30ean. 

Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ikasturte honetako Emakume Langileen Eskolako lehen saioa egingo du larunbatean, azaroak 12; 11:30erako jarri dute hitzordua Elkargunean. Itaiak joan den urteko azaroan jarri zuen martxan Emakume Langileen Eskola, "emakume langileek egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko moduak pentsatzeko".

Azaroan bertan egin zituzten lehen saioak Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, eta aurtengo urtarrilean egin zituzten bigarren saioak. Eskola edo saio horietan testu bat izaten dute hausnarketarako abiapuntu. Lehen saioan, Salda Badago Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan Itaiak egindako hitzartzea landu zuten. Aurreko ikasturteko bigarren saioan, berriz, Klase subjektua bere dimentsio guztietan eraikiz izeneko testua landu zuten. Larunbatean, subjektu politikoaz hausnartuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide