Gaur amaituko da Maxixatzenen Orbel-jokuetan izena emateko epea

Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 09:00

2019ko Orbel-jokuetako finaleko irudi bat. (Andoni Elduaien)

Datorren astelehenean hasi eta hiru astez, askotariko galderak proposatuko zaizkie talde guztiei. Galderak astelehenero argitaratuko dira Maxixatzen.eus webgunean, eta taldeek, osteguneko 15:00ak arte izango dute erantzunak bidaltzeko aukera.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Orbel-jokuak astelehenean hasiko dira. Joan den asteartean ireki zuen elkarteak izena emateko epea, eta gaur, larunbata, amaituko da. Taldeari izena jarri eta ondoren taldearen izena nahiz kideen informazioa bidali beharko dituzte herritarrek 675 85 71 11 Whatsapp zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus posta elektronikora.

Euskaran eta euskal kulturan sustraituta, ondo pasatzea da Orbel-jokuen helburua; herritarrek hizkuntzarekin eta euskal kulturarekin lotutako kontuetan parte hartzea, jolasean elkar hobeto ezagutuz, eta, bide batez, kontu berriak ikastea.

Dinamika eta sariak

Aurreko edizioetako antzeko dinamika izango du lehiaketak. Etzi, astelehena, hasita, hiru astetan galderak proposatuko zaizkie talde guztiei. Galdera horiek astelehenero argitaratuko dira Maxixatzen.eus webgunean, eta taldeek, osteguneko 15:00ak arte izango dute erantzunak bidaltzeko epea, 675 85 71 11 telefono zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora.

Orbel-jokuetan puntu gehien dituzten lehen hiru talde sailkatuko dira finalera. Puntuei dagokionean berdinketa baldin badago taldeen artean, azken asteko galderetan puntu gehiago lortu duen taldea sailkatuko da finalera. Kasu horretan ere berdinketa badago, azken asteko erantzunak lehenago bidaltzen dituen taldeak egingo du aurrera.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, lehen astean, datorrenean, galdera orokorrak egingo dituzte, azaroaren 14ko astean Euskaraldiaren inguruko galderak erantzun beharko dira, eta azkenik, hilaren 21eko astean, Maxixatzen 25 urteko erreportaje digitaleko Erein atalari buruzko galderak egingo dituzte.

Punturik gehien lortzen dituzten hiru taldeak sailkatuko dira finalera, eta horiek herriko saltokietan gastatzeko bonuak irabaziko dituzte: lehen sailkatuak, 450 euroko txartela; bigarren taldeak, 300 eurokoa; eta hirugarrenak, 150 eurokoa. Gainera, parte hartzen duten talde guztien artean beste 150 euroko bonu bat zozkatuko du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak.