Erretratua

Jenny Calero: "Soineko ederren atzean sufrimendu eta lan asko dago"

Naia Arrizabalaga 2022ko abe. 10a, 09:55
Jenny Caleroren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga/Argazkiak: utzitakoak)

Dantzaria eta dantza irakaslea da Jenny Calero. ETB1en dantza txapelketa saio bat ikusten ari zela dantzariaren soinekoarekin maitemindu eta 17 urterekin hasi zen musikaren erritmora mugitzen. Kirol horrek alde onak eta txarrak dituela onartuagatik ere, oroitzapen positiboekin geratzea nahiago du

Azkoitiko Born to Dance eskolako dantza irakaslea eta dantzaria da Jenny Calero (Azkoitia, 1989). 17 urte zituenean hasi zen horretan, eta kasualitatez piztu zitzaion horretarako grina, telebista saio bat ikusten ari zenean. "ETB1en dantzen inguruko saio bat ari nintzen ikusten, eta dantzariaren soinekoarekin maitemindu nintzen. Orduan, zera esan nuen: 'Nik ere soineko hori jantzi nahi dut'". Esan eta egin; "guztiz murgildu" zen dantzaren munduan, eta irakasle bihurtu zen gero. Ordutik hona, buru-belarri dabil dantzaren bueltan, beste jardueratarako ia denborarik gabe: "Dantza eskola gauean itxi, etxera joan eta emanaldiak prestatzen aritzen naiz. Hurrengo goizean berriz eskolara edo entrenatzera joaten naiz".

Bere bizimodua dantzaren inguruan antolatzen du gaur egun, guztiz: "Eskolak ematen ari ez naizenean, entrenatzen jarduten dut, eta entrenatzen ez nagoenean, klaseak ematen". Berarentzat denbora gehiago izatea gustatuko litzaiokeen arren, dantzak ematen diona "esplikaezina" dela dio, eta horregatik jarraitzen du horretan, astegunean eta jaiegunetan, geratu gabe. Hala ere, deskonektatzeko uda baliatzen duela aitortu du, nahiz eta tokatu izan zaion abuztuan entrenatu beharra izatea ere.

Duela urte batzuk, Madrilen irakasle lanetan ere aritu izan zen. Gaur egun, ordea, Azkoitian soilik irakasten du, bi lekuetan aritzeak eskatzen zuen esfortzuaren ondorioz, aukeratu egin behar izan baitzuen. Dantza eskolan 100 pertsona inguru aritzen dira astero klaseak jasotzen, 6 urtetik 74 urtera artekoak. Askotariko dantza estiloak lantzen dituzte bertan: funkya, areto dantzak zein sevillanak, beste batzuen artean. Irakasle lanetan beste bi lagun ere aritzen dira Calerorekin batera; batak funkyko klaseak ematen ditu, eta besteak, berriz, sevillanak tarteka.

Azkoitia eta Galizia artean

Txapelketetan postu esanguratsuak lortu izan ditu Calerok, eta ondo gogoan du iaz Espainiako Txapelketan bigarren postuan sailkatu zela, dantza latinoen eta breaking modalitatean. Gaur egun, Pablo Tresgallo galiziarrarekin batera lehiatzen da. Elkarrengandik banatzen dituen 700 kilometroek eta entrenamenduek zer dakarten izan du hizpide Calerok: "Aste batean Galizian ekartzen gara entrenatzeko, eta hurrengo astean, Azkoitian. Neke zein esfortzu handia eragiten du horrek, eta sarri bizitzeko astirik gabe geratzen gara". Bueltaka ibiltzeak dakarren neke fisikoaz gain, buruko osasunean ere eragina duela azpimarratu du azkoitiarrak, eta bide horretan, "barrurantz begiratzea oso garrantzitsua" dela adierazi du, hori egin ezean, ondorioak "larriak" izan daitezkeelako sarri.

Txapelketak astebururo izaten diren arren, Calero ez da astero lehiatzen, faktore desberdinek eragina baitute lehietan parte hartzeko orduan: "Lanaren, norbere egoeraren zein baldintza ekonomikoen arabera lehiatzen dugu". Txapelketa horietako asko Mallorcan zein Katalunian egiten dira, baina Bilbon bertan ere bat edo beste egin izan direla adierazi du dantzariak. Lehiaketei dagokienez, Euskal Herrian egoera zaila dela adierazi du, eta horren ondorioz, txapelketetan lehiatu nahi duenak Euskal Herritik atera beharra daukala uste du. Azkoitiarra Euskal Herrian aritzen zen entrenatzen dantzan hasi zenean, baina gero atzerriko entrenatzaileekin –Esloveniakoekin zein Italiakoekin– hasi zen prestatzen. Ordutik, hara eta hona dabil, bai txapelketetan lehiatzen, baita entrenatzen ere.

Bestalde, kanpoan Euskal Herrian ohikoa ez den beste errealitate bat izaten dela esan du, dantzarientzako prestatzen dituzten stand-etatik hasita. Ondo gogoan ditu, esaterako, Parisera lehiatzera joan zenean aurkitu zituen soinekoak, makillajea zein zapatak. Dantzariak argitu du Euskal Herri inguruko txapelketetan egoten diren postuen kantitatea ezin dela hangoekin konparatu, Frantzian dantzak "askoz ere indar handiagoa" duelako.

Oztopo nagusienetakoa txapelketetan lehiatu ahal izateko bikotea aurkitzea izan da azkoitiarrarentzat: "Gaur egun, geroz eta mutil gehiago animatzen diren arren, ia beharrezkoa izaten da bikotea aurkitzeko Euskal Herritik ateratzea". Dantzarako bikoteak zer ezaugarri behar duen galdetuta, berriz, Calerok erantzun du ezinbestekoa dela biek "helburu berberak" izatea. Bestalde, elkarri zor dioten errespetua "ikaragarria eta oinarrizkoa" dela azpimarratu du, dantzariak bere ibilbidean "denetarik" aurkitu baitu. Zailtasunak zailtasun, txapelketak uzteko "batere asmorik" ez duela dio.

Dantzaren kultura, apurra

Calerok Azkoitian duen dantza eskolan haurrak zein helduak ibiltzen diren arren, herrian nahiz Euskal Herrian dantzaren inguruko kulturarik ez dagoela nabarmendu du hark. Hala ere, Lola Indigoren edota Rosaliaren abestiek sortu duten boom-ak haurrengan eragin zuzena izan duela dio, eta fenomeno horiek tarteko, funky zein hip-hop modalitateek gorakada handia izan dutela azpimarratu du. Kirol dantzak, aldiz, egun interes gutxiago duela adierazi du.

Born to Dance dantza eskolako ikasleei dagokienez, 12 urtetik 15 urtera arteko hainbat ikasle lehengo urtean hasi ziren lehiatzen dantza koreografikoen modalitatean. Horiek taldeka lehiatzen dira, bikotea aurkitzea ez baita erraza izaten haientzat ere. Dagoeneko, Espainiako Txapelketan zein beste txapelketa batzuetan lehiatu dira gaztetxo horiek, eta bere eskolako ikasleak lehiatzen ikusteak "poz handia" ematen diola esan du azkoitiarrak, baita oroitzapen asko gogora ekarri ere.

Zenbait haurrekin identifikatuta sentitzen dela adierazi du irakasleak, ume askok ere soinekoekin liluratuta ematen dutelako izena dantza eskolan. Halere, bere bizipenetatik abiatuta zera aitortu du: "Soineko eder horien atzean lan eta sufrimendu asko dago, guztia ez baita soinekoak bezain ederra".

Motzean

  • Adina: 33 urte.
  • Ikasketak: Dantzari lotutako zenbait ikastaro, instruktorearena edo teknikariarena esaterako.
  • Lanbidea: Dantzaria eta dantza irakaslea.
  • Dantzaria ez banintz... kriminologoa izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... entrenatzen ez nagoenean lanean nago, eta lanean ez nagoenean, entrenatzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide