Hitz bitan

Joxan Mendizabal: "Erraldoien atzean ezagutzen ez nuen mundu bat dago"

Anartz Izagirre 2022ko abe. 5a, 09:00
Joxan Mendizabal. Youtubeko plaka eskuetan duela. (Anartz Izagirre)

Youtuben Festak YT kanala ireki zuen Joxan Mendizabalek (Azkoitia, 1997) orain dela hamar urte, 15 urte zituela. Ordutik, kultur ekitaldiekin eta festekin lotura duten dozenaka bideo igo ditu hara, eta milioi bat bisita ditu kanalak.

"Ikus-entzunezko ondarea egiten", diozu Festak YT kanalaren deskribapenean. Zer helbururekin sortu zenuen kanala?

Etxean betidanik jaso izan dut herriko kultura, eta beti parte hartu izan dut Azkoitiko danborradan eta Aste Santuko prozesioan. Erraldoien desfileetara ere beti joan izan naiz. Duela hamar urte horiek grabatzen hasi nintzen, intentzio handirik gabe. Hasieran nik ikusteko soilik grabatzen nituen. Momentu hartan hasi zen sare sozialen boom-a; Youtuben halako edukia falta zela iruditzen zitzaidan, eta halaxe hasi nintzen. Ikusi nuen komunitate moduko bat sortzen ari zela.

Zer-nolako garrantzia du zuretzat kulturaren transmisioak?

Handia. Gaur egungo bideoek beharbada ez dute garrantzirik izaten oraindik, baina urte luzez hor irauten badute, beste balio bat izan ohi dute. Ikus- entzunezko kultur ondare hori sarean egotea nahi dut.

2012. urtean sortu zenuen orrialdea. Ordutik zer- nolako bilakaera izan du?

Denborak aurrera egin ahala, irudiak hobeto grabatzen eta editatzen hasi naiz; orain, 4K-n grabatzen ditut horiek. Bisitak ere asko igo dira, eta aurten flipatu egin dut, milioi bat bisita gainditu baititu kanalak. Gainera, mila harpide izatera ere heldu naiz; familiakoek garaikur bat oparitu zidaten horregatik.

Nolakoak dira arrakasta gehien izan ohi dituzten bideoak?

Nire orrialdean, batik bat, erraldoien bideoak, danborradetakoak eta Aste Santuetakoak daude; erraldoienak dira, dudarik gabe, arrakasta gehien dutenak. Azpeitiko jaietan egiten den erraldoien kalejiraren 2017ko bideoak, adibidez, 400 mila bisitatik gora ditu. Ez nuen espero, eta halakoetan presioa sentitzen duzu; hurrengo urteetan hobeto grabatu behar duzula pentsatzen duzu. Ordutik aurrera, erraldoien munduan sartzen joan nintzen, eta harreman handia dut konpartsekin. Erraldoien atzean ezagutzen ez nuen mundu bat dago, eta espero gabe komunitate batean sartu naiz.

Zeuk grabatutakoak al dira kanalean ikusgai duden bideo guztiak?

Berrienak, bai. Horrez gain, nire aita –Juan Bautista Mendizabal– Kultura zinegotzia izan zen 80ko hamarkadatik 2000. urte hasierara bitartean, eta Vicente Gonzalez Pajeren bideo asko heltzen zitzaizkion. Pena zen haren bideo guztiak hor gelditzea, eta horiek digitalizatzen hasi nintzen, lagun baten bitartez. Horrez gain, kanalean dudan bideorik zaharrena 1932ko Azkoitiko Aste Santukoa da. Don Joaquin apaiza hil zenean nire aitak kasete bat topatu zuen haren etxean, eta Euskadiko Filmotekara bidali genuen. Itxura denez, garai hartan Gobernuaren eta Elizaren arteko harremana ez zen ona, eta uste zuten azken prozesioak izango zirela; horregatik grabatu zuten. Azkoitiko lehen grabazio zinematografikoa da hura, eta nire kanalean dago kopia.

Kanalaren harpideengandik zer-nolako erantzuna jaso duzu?

Kalean ikusitakoan esan izan didate: "Nire seme-alabek zure kanaleko bideoak ikusten dituzte". Nik ez dut nire aurpegirik erakusten bideoetan, baina amaieran nire izena jartzen dut. 90eko hamarkadako bideoak igo izan ditudanetan gurasoen lagunak eta ezagunak ere etorri izan zaizkit, eta eskertu egin didate bideo horiek errekuperatzeko hartutako lana. Halako mezuek poztu egiten zaituzte.

Zeintzuk dira kanalarekin dituzun aurrera begirako asmoak?

Uste dut kanala bilakatu dela bilakatu behar zuenean. Umiltasun osoarekin egiten dut, gustatu egiten zaidalako. Nahi dut bideoek urte luzez hor irautea, hurrengo belaunaldiei iristeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide