'Sagastitarrak' antzezlana eskainiko dute zapatuan Baztartxo antzokian

Anartz Izagirre 2022ko aza. 1a, 08:45
'Sagastitarrak' antzezlaneko irudi bat.

Koldo Olabarrik, Joseba Apaolazak eta Ainhoa Etxebarriak taularatuko dute antzezlana, 19:00etan hasita. Sarrerak salgai daude Azkoitiko Udalaren webgunean, eta Maxixatzenek bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu bazkideen artean.

Datorren zapatuan, azaroak 5, Sagastitarrak antzezlana eskainiko du Txalo Produkzioak konpainiak Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da obra, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Azkoitiko Udalaren webgunean; zortzi euroren truke eskura daitezke txartelak. Horrez gain, egunean bertan ere erosi ahal izango dira horiek Baztartxoko leihatilan.

Sagastitarrak komediaren egilea Ramon Madaula da, eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean arituko dira oholtza gainean honako hiru aktoreak: Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria. Honela dio antzezlanaren laburpenak: "Sagastitarrenean —goi burgesiako familia— alabarekin ez da giro. Ane giza ekintzaile feministak bere lehen abizenaren ordez amarena jartzea erabaki du: 'Patriarkatuarekin ez dugu amaituko mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean'. Anton Sagasti familia buruarentzat ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Horregatik, amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu Anek abizena aldatzeko asmoa bertan behera utz dezan".

Sarreren zozketa

Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu zozketan parte hartzen duten Maxixatzeneko bazkide guztien artean. Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek osteguneko 12:00etara arteko epea izango dute.

Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena. Irabazleak ostegunean jakinaraziko ditu Maxixatzenek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide