Denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Juaristi ISBk

Julene Frantzesena 2022ko urr. 31a, 09:00
Juaristi ISBren eta Oviedoren arteko partidako irudia. (Mikel Amenabar)

Zaleen babesarekin, sailkapeneko azken postuetan den Alimarka Oviedo taldea mendean hartu zuten atzo Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeko mutilek: 94 eta 85 bukatu da neurketa. Domusa Teknik ISBko emakumeek, berriz, ezin izan zuten Tenerifen jokatutako partida irabazi; 60 eta 54 galdu dute haiek.

Iraurgiko gizonen lehen taldeak, Juaristi ISBk, denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian. Zaleen babesarekin, egoera berberean, hau da, sailkapeneko azken postuetan den Alimerka Oviedo taldea mendean hartzea lortu zuen Mikel Odriozolak gidatzen duen taldeak.

Atzokoa denboraldiko bosgarren jardunaldia izan zen Azkoitiko eta Azpeitiko taldearentzat, eta aurrera egiteko hain beharrezkoak zituzten puntuak eskuratu dituzte jokalariek. Lehen laurdena 25 eta 25 aurretik bukatu zuten ISBkoek; bigarrengoan, berriz, 48 eta 38 izan ziren haiek aurretik. Atsedenaldiaren ostean ere heldu zioten abantailari; izan ere, 68 eta 58 bukatu zen hirugarren zatia. Azken laurdenean, nahiz eta aurkariak markagailuan gerturatu, lan ona egin eta garaipena poltsikoratzea lortu zuen Juaristi ISBk: 94 eta 85.

Emakumeen porrota

Domusa Teknik ISB taldeko emakumeek etxetik kanpo jokatu dute seigarren jardunaldiko norgehiagoka. Tenerifen izan da Joseba Lizarralde Rubiok zuzentzen duen taldea; atzo jokatu zuen Challenge Ligako partida, Vega Lagunera Toyota Adarevaren kontra. Ezin izan zuten garaipena eskuratu; izan ere, 60 eta 54 bukatu zen partida. Partida ondo hasi zuten Azpeitiko eta Azkoitiko emakumeek, baina gero, bigarren laurdenean, maldan gora jarri zitzaien lehia. Atsedenaldiaren ostean, saiatu ziren partida berdintzen, baina ezin izan zuten irabazi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide