Asteazkenean jarriko dute martxan San Jose egoitzako egoiliarrentzako garraio zerbitzu berria

Andoni Elduaien 2022ko urr. 28a, 09:00
Aitor Errazu Gurutze Gorriko kidea, Nekane Plazaola egoitzako zuzendaria eta Janire Igoa zinegotzia. (Udala)

Asteazkenetik aurrera, aste osoan erabili ahal izango dute egoitzako erabiltzaileek garraio zerbitzua. 10:00etatik 19:00etara arteko ordutegia izango du, eta egokitutako ibilgailua behar dutenei dago zuzenduta garraioa. Joan-etorriak egiteko, egoiliarraren senide edo arduradun batek erreserba egin beharko du aurrez.

Udalak garraio zerbitzu berria jarri du martxan San Jose egoitzako egoiliarrentzat. Erakundeak ohar bidez azaldu duenez, zerbitzu berria egokitutako ibilgailua behar duten pertsonei dago zuzenduta, Urbanue garraio zerbitzua erabili ezin dutenei, alegia. Gurutze Gorriko ibilgailuetako batek egingo ditu bidaiak lanegunetan, eta egoitzako eguneko zentroko furgonetak egingo ditu joan-etorriak asteburuetan.

Udalak finantzatuko du zerbitzua, eta doakoa izango da egoitzako erabiltzaileentzat. Astelehenetik igandera bitartean, 10:00etatik 19:00etara bitartean egingo dituzte bidaiak furgonetek. Garraioan joan-etorria egin ahal izateko, nahitaezkoa izango da egoiliarren familiako kide edo arduradun batek 48 ordu aurretik erreserba egitea. Izena ematerakoan, gainera, ordua eta geralekua zehaztu beharko dira.

Udalaren arabera, zerbitzuak "behin behineko izaera" izango du gaur-gaurkoz, eta zerbitzua datorren asteazkenean, azaroak 2, jarriko dute martxan. Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu du zerbitzua "oso lagungarria" izango dela egoitzako egoiliarrentzat, baina hura baloratu egin behar dutela behin betiko ezarri aurretik. "Ikusi egin beharko da zer nolako erantzuna izaten duen eta horren arabera, joango gara egokitzapenak egiten".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide