Bertan behera geratu da 3x3 Futbol Festa

Ane Olaizola 2022ko urr. 27a, 15:50

Azkoitiko Udalaren hitzetan, 3x3 Fubol Festaren antolatzaile den Azpeitia Cup taldeak ez dio egitasmoa aurrera eramateko "inolako baimenik" eskatu Gipuzkoako Foru Aldundiari; Azpeitia Cupek, berriz, jakinarazi du gaur kamisetak banatuko dituela Kontzejupean, aurreikusita bezala, eta han emango diela informazioa parte hartzaileei. Egitasmoa hasi baino bi egun lehenago iritsi da Aldundiaren jakinarazpena.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, larunbatean hastekoa zen 3x3 Futbol Festa bertan behera geratu da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Sailaren aginduz. Udalaren arabera, Aldundiak jakinarazi du egitasmoak ez dituela hainbat arau betetzen: batetik, "jakinarazpenaren arabera", antolatzaileek ez diote "inongo baimenik" eskatu foru erakundeari egitasmoa aurrera eramateko; bestetik, udalak adierazi du araudiak jasotzen duela futbol ekintzak, partidak eta topaketak antola daitezkeela, betiere 8 urtetik gorako umeentzat badira.

Udalaren hitzetan, honako arau hauetan oinarritu da Aldundia 3x3 Futbol Festa ez baimentzeko: "Eskola kiroleko programetan jasota ez dauden eta behar bezalako baimenik ez duten kirol-jarduerak ezin dira antolatu —Eskola kirolari buruzko uztailaren 1eko 125/2008 Dekretuaren 11. artikulua eta eskola kiroleko programak garatzeko baimenak emateko prozedura arautzen duen abuztuaren 19ko 145/2009 Foru Agindua—. Bestetik, 40-133/2021 Foru Aginduak jasotzen du 8 urtetik beherakoek ezin dutela haurrei zuzendutako gisa horretako kirol jardueretan parte hartu.

Egitasmoaren antolatzaile Azpeitia Cup taldeak, bere aldetik, azpimarratu du Futbol Festa ez dela txapelketa bat, baizik eta lagunarteko egitasmoa, baina hori Aldundiak ez duela kontuan hartu adierazi du: "Futbol Festa txapelketei dagokien araudian oinarrituta hartu du erabakia Aldundiak, baina Futbol Festa ez da inondik inora lehia bat: ez dago emaitzarik, ez saririk, taldeak mistoak dira...", azaldu dute antolatzaileek.

Kamiseta banaketa, aurrera

Antolatzaileak gaur, osteguna, ziren kamisetak banatzen hastekoak. Aldundiaren jakinarazpenaren berri izan ostean, Azpeitia Cupek adierazi du datozen orduetan emango dituela dagozkion azalpen zehatzak, baina aurreratu du kamisetak banatuko dituela Kontzejupean, aurreikusita bezala. Bertan, gainera, parte hartzaileei informazioa emango dietela azpimarratu dute. 17:15etik 19:00etara bitartean egongo dira antolatzaileak kamisetak banatzen.

Egitasmoa hasteko atarian iritsi da Aldundiaren jakinarazpena; izan ere, larunbatean zen egitasmoa hastekoa, eta partidetarako berdeguneak ere muntatzen hasita zeuden dagoeneko. Hiru egunez, 400 futbol partida baino gehiago jokatu behar zituzten Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako, Urretxuko, Zumarragako, Zumaiako eta Zarauzko HH4 eta LH6 mailen arteko 800 neska-mutilek.