'Unicorn Wars', Joseba Beristainen musika duen azken filma

Andoni Elduaien 2022ko urr. 27a, 09:14
Joseba Beristain, eskuinean, Los Angeleseko Animation is film zinema jaialdian. (Utzitakoa)

Alberto Vazquez zuzendariaren eta Ivan Miñambres ekoizlearen azken lanerako musika egin du artista azkoitiarrak. Musika elektronikoa da filmeko protagonista nagusia, hori baita Vazquez zuzendariaren filmetako ohiko musika estiloa. Gainera, filma Oscar sarietarako hautagai izan dadin, kanpainari ekin diote Los Angelesen.

Joan den ostiralean, urriak 21, estreinatu zuten Unicorn Wars helduentzako animaziozko filma Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldian eta Sitgeseko Naziarteko Zinemaldian. Hain zuzen, Joseba Beristain musikagile azkoitiarrak egin du Alberto Vazquezek zuzendu eta Ivan Miñambresek ekoitzi duen filmerako musika. Halaber, hiru lagunak Los Angeleseko (AEB) Grauman's Chinese Theatre antzoki txinatarrean izan dira duela gutxi filma aurkezten, Animation Is Film zinema jaialdia aitzakia hartuta. Modu horretan, filmaren Oscar sarietarako hautagaitza kanpaina hasi dute.

Filmean soinu elektronikoak uztartu ditu artista azkoitiarrak; izan ere, Vazquez zuzendariaren ikus-entzunezko lanetan ohikoa da era bateko edo besteko musika elektronikoa entzutea. Era berean, leitmotivak apur bat baztertzen ahalegindu da Beristain azken proiektuan, horien erabilera disimulatuagoa eginez.

Azken bi hamarkadetan, hogei film labur baino gehiagotan kolaboratu du azkoitiarrak. Horien artean nabarmenena Loop da; izan ere, orain arte 80 sari baino gehiago eskuratu ditu eta aurtengo Oscar sarietarako zerrenda laburrean dago. Bestelako filmetan ere parte hartu du, ordea, Beristainek. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera, esaterako, Elkano, lehen mundu bira filmerako musika egin zuen musikagile azkoitiarrak.

Unicorn Wars animazioko film fantastikoan, Alberto Vazquez zinemagileak gaizkiaren jatorriaz hausnartzen du. Hartz txikien armadaren ustez, adarbakarrek mehatxu egiten diote beraiek bizi diren herriaren segurtasunari. Hori dela eta, soldadugai gazteak heziko dituzte, adarbakarren aurka hasi berri duten gerran parte har dezaten. Azulin eta Gordi anaiak, esperientziarik gabeko beste soldadugai batzuekin batera, Baso Magikoa salbatzeko misio arriskutsu batera bidaliko dituzte. Hartz txikiak horretarako prest egongo al dira?

Honako zerrenda honetan entzun daiteke Joseba Beristainek Unicorn Wars filmerako egin duen musika:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide