Udalak balio anitzeko bi peoi kontratatuko ditu Lanbidek diruz lagunduta

Andoni Elduaien 2022ko urr. 26a, 09:11

Lanpostuan hasi nahi dutenek gaurtik azaroaren 8ra bitartean aurkeztu dezakete hautagaitza. Sei hilabeterako kontratatuko ditu udalak bi langile, eta horiek lanaldi osoan aritu beharko dute.

Azkoitiko Udalak lanaldi osorako balio anitzeko bi peoi kontratatuko ditu sei hilabeterako. Langile horiek, besteak beste, mendietako sasiak garbitu beharko dituzte, pistak egokitu, ateak zein hesiak konpondu, bidegurutzeetako seinaleak jarri eta iturriak konpondu.

Interesa dutenek gaurtik azaroaren 8ra bitartean aurkeztu beharko dute lanposturako hautagaitza, eta horretarako nahitaezkoak izango dira eskolatze ziurtagiria izatea, lorezaintzan esperientzia izatea eta ahozko euskara maila altua edukitzea. Era berean, hautagaiek langabezian eta Lanbiden lan eskatzaile bezala izena emanda egon beharko dute. Langileak kontratatzeko bestelako baldintza batzuk ere zehaztu dituzte; izan ere, bi langiletatik bat emakumezkoa izango da eta batek gutxienez 45 urte baino gehiago izango ditu.

Lan eskaintzaren erreferentzia 162022012964 da, eta hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek Lanbideko bulego batean edota erakundearen webgunearen bidez eman beharko dute izena.

Hona hemen informazio gehiago:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide