Kalean da 'Nire minaren etxea', Iñigo Antsorregiren bigarren liburua

Anartz Izagirre 2022ko urr. 25a, 16:41
Iñigo Antsorregi Dierez, gaur, 'Nire minaren etxean' liburuarekin, Donostian. (Elkar argitaletxea)

Depresioa eta umorea uztartu ditu azkoitiarrak saiakeran. Idazleak "hedabideetan esatera ausartzen ez diren gaiak" landu ditu. Gaur aurkeztu du liburua, Donostian, eta liburuaren gaineko xehetasunak eman ditu bertan, Xabier Mendiguren editorearekin batera.

"Gaizki bazaude eskatu laguntza", "zer garrantzitsua den buruko osasunaz hitz egitea", eta halako esaldiak ahoz aho dabiltzala dio Iñigo Antsorregi Dierez (Azkoitia, 1993) idazleak: "Oso esaldi arina da norbaiti laguntza eskatzeko esatea, gero laguntza hori hiru edo sei hilabetetara iristen denean, jada berandu denean". Ondo daki zertaz ari den Antsorregik; izan ere, depresioa izan zuen, eta bere buruaz beste egiteko zorian egon zen. Horregatik, ezagunak ditu hitzok. Bere esperientzia eta bizipen propioetatik abiatuta heldu da bere bigarren liburua eta lehen saiakera: Nire minaren etxea. Elkar argitaletxearekin plazaratu du liburua, eta Xabier Mendiguren izan da editorea. Gaur aurkeztu du liburua, Donostian.

Depresioa da Antsorregiren liburu berriaren gai nagusia, umore zipriztinekin, "baina ez naiz zuzenean gaiari barrez ari", adierazi du. "Liburu honetan ni naiz nire txantxen eta txisteen biktima nagusia. Nire buruari barre egiteko beharretik jaio da liburu hau, eta nire sormena blokeatzen zuen gaiari buruz idatzi nahi nuen", dio. Hala eta guztiz, askatasuna ematen dio irakurleari berataz barre egiteko ere: "Egin nitaz barre lasai, horixe baita nire helburuetako bat".

Idazleak aitortu du ez dela "batere erraza izan" gai horren inguruan idaztea, eta aurreratu du hedabideetan orain arte esatera ausartu ez diren gaiak idatzi dituela liburuan. Umorean topatu du horretarako gotorlekua: "Umoreak asko laguntzen du estigma kentzeko orduan, eta hori da azken finean gehien behar duguna. Gai zailak umoretik ere landu daitezke". Adibide batzuk ere jarri ditu, idazte prozesuan gogoan izan dituenak; esaterako, Angel Martinen Por si las voces vuelven liburua eta The Hilarious World of Depression podcasta. Antsorregik baietz dio, beharrezkoa dela osasun mentalaz hitz egitea, baina solasaldi horiek "nazioarteko eta poster politez jantzitako egunez haratago" eramateko unea dela aldarrikatu du: "Lan asko eta gogorra dugu aurretik. Bizitza asko salbatu behar ditugu oraindik; salbatzerik izan ez genituenei zor diegu horrenbeste".

Zailena, "tonua topatzea"

"Garbi nuen umoretik jo nahi nuela, baina ezin nuen edozer gauzarekin umorea egin", jakinarazi du liburuaren egileak. Urtarrilean eman zuen testigantza pertsonala ETBko Biba Zuek! programan, eta maiatzean hasi eta bukatu zuen liburua: "Zailena tonua bilatzea izan zen". Bi hitzaurre daude liburuan, eta horiek egiteko bi pertsonarekin jarri zen harremanetan Antsorregi: Aitziber Garmendiarekin eta Telmo Iruretarekin. Aurkezpenean izan da Irureta, eta adierazi du "pozik" jaso zuela enkargua. "Gauza asko idatzi nahi nituen, eta gero konturatu nintzen ez zela nire liburua", aitortu du, barrez.

Liburuaren egiturari dagokionez, "abiapuntu gogorra" duela aitortu du Antsorregik: "Ideia suizidekin nenbilenean bideo bat grabatu nuen, aurkitzen nindutenerako, edo ideia horrekin, behintzat. Bideo horretan esaten ditudanekin hasten da liburua". Hortik aurrera, "kontaketa oso kronologikoa" egin duela azaldu du liburuaren egileak, eta pandemiaren aurretik zein garai hartan bizitakoak idatzi ditu, besteak beste: "Pandemian psikologorik gabe gelditu nintzen osasun publikoan, eta nire psikologo pribatua jubilatu egin zen. Pandemiaren ostean argia ikusten hasi nintzen berriro, psikologo berri batekin. Hortik doa liburuaren egitura".

Telmo Irureta, Iñigo Antsorregi eta Xabier Mendiguren, liburuaren aurkezpenean. (Elkar argitaletxea)

Editoreak, eskerrak

Xabier Mendiguren liburuaren editoreak bi ideia aipatu ditu Antsorregiren lanaz hitz egitean. Hark adierazi duenez, zaintza eta buruko osasuna aipatzean "ahoa betetzen zaigu", baina gero "ez dira betetzen, eta ez dute ondorio praktikorik". Hala dio: "Depresioarekin, antsietatearekin edo bestelako neurodibergentzia batekin dabilen pertsona batek beldurra ematen digu; uxatu egiten gaitu. Nahi dugu pertsona hori hobeto egotea, eta hobeto izan daitezkeelakoan ematen ditugun aholkuak kalterako edo txarrerako izan ohi dira".

Dena den, Mendigurenek oso garrantzitsutzat jo du gai horietaz hitz egitea: "Garrantzitsua da hitz egitea jende serioak, zientzialariek... baina baita hortik pasatu direnek ere, esperientzia kontatuz eta azalduz". Hain zuzen ere, editoreak dio burukoosasunaz hitz egitea "oso lagungarria" izan daitekeela "horrelako egoeretatik pasatzen ari direnentzat, pasatu dutenentzat eta ondoan horrelakoak dauzkan edo izan ditzakeen jendearentzat". Halere, ideia on bat izatea ez dela nahikoa azaldu du, nahiz eta Antsorregik horretan asmatu duela aitortu: "Liburu honetan tonuan asmatu du idazleak, eta esatekoan ere bai".

Antsorregik berak ere esker hitzak izan ditu aurkezpenean Elkarrentzat, Mendigurenentzat, hitzaurrea idatzi dutenentzat zein ingurukoentzat. "Zergatik eskerrak? Garai batean uste nuelako ezingo nuela berriro idatzi; uste nuen ez nuela berriro libururik argitaratuko; garai horretan ez nuen uste berriro ere lagunez eta familiaz inguratuta egongo nintzenik; isolatuta nengoen, eta ohetik altxatzea sekulako erronka zen. Hilda egon nahi nuen, depresioak horraino eraman ninduelako".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide