Beningo kaleko umeen alde egiteko pintxoak saldu dituzte Kontzejupean

Nerea Uranga 2022ko urr. 22a, 14:56

Beningo Cotonou eta Portonovo hirietan salestarrek aurrera daramaten proiektua laguntzeko pintxoak jarri dituzte herritarren eskura Kontzejupean.

Floreaga ikastetxeak eta Gazteak eta Garapena fundazioak Beningo kaleko haurren aldeko elkartasun ekintza egin dute gaur eguerdian, Kontzejupean eta plazan. Pintxo solidarioak saldu dituzte Kontzejupean, eta jostailuekin bigarren eskuko denda ere jarri dute han. Era berean, Alai Batza taldeko gazteek haurrentzako jolasak eta eskulanak egin dituzte herriko plazan. Ohi bezala, gaur egin duten egitasmotik lortutako dirua salestar komunitateak Beningo Cotonou eta Portonovo hirietan duten proiektura bideratuko dute.

Gaurko egitasmoa aurrera eraman ahal izateko herriko saltokien, eragileen nahiz norbanakoen laguntza izan dute. Alegia, asko izan dira pintxoak prestatzeko lehengaiak eta jakiak edota pintxoak etxean edota elkarte gastronomikoetan prestatuta bertara eraman dituztenak.

Salestarrek Beninen kalean bizi diren haurrei duten proiektura bideratuko dute gaur bildutako dirua. Seniderik ez duten eta egunez azoketan egoten diren umeak artatzen dituzte proiektuko horretako kideek, haurren oinarrizko beharrak ase ditzaten eta horiek "leku seguruan" lo egin dezaten. Era berean, umeak kaletik atera eta lan mundura edo ikasketetara bideratzen dituzte proiektu horren bidez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide