Hazinnova akreditazioa jaso dute Azkoitiko hainbat enpresak

Ane Olaizola 2022ko urr. 13a, 14:47

Hazinnova programan parte hartu duten 33 enpresak jaso dute ziurtagiria, eta horietatik hiru Azkoitikoak dira: Alberdi Mekanizatu Lanak, Erlo eta Ibermach Special Machinery. Urolako Komunikazio Taldea kooperatibak [UKT] ere eskuratu du akreditazioa.

Urola Erdiko, Urola Garaiko, Debagoienako, Debabarreneko eta Goierriko 33 enpresak berritzaileak direla egiaztatzen duen ziurtagiria jaso dute gaur, osteguna, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskutik. Ordizian (Gipuzkoa) egin dute ekitaldia, eta programan parte hartu duten eta egoitza Azkoitian duten hiru enpresak jaso dute akreditazioa: Alberdi Mekanizatu Lanak, Erlo eta Ibermach Special Machinery. Horiez gain, Urolako Komunikazio Taldea kooperatibak [UKT] ere eskuratu du ziurtagiria.

Sustatzaileen esanetan, ziurtagiria jaso duten enpresek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko. Era berean, jakinarazi dute enpresa horiek 51 proiektu gauzatu dituztela Hazinnova programaren azken deialdian. "Proiektu horien bidez berrikuntzak lortu dituzte produktuan eta negozio-prozesuetan, fabrikazio, logistika, merkaturatze, administrazio edo finantzak bezalako arloetan". Bestalde, Innobasquek eta agente kolaboratzaileen sareak lau aukeratu dituzte jardunbide egokien adibidetzat, eta horietako bat da Azkoitiko Erlo enpresa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide