Eolikoak mendietan ezartzeko proposamenekiko desadostasuna agertu du Oletan ere Ez! taldeak

Andoni Elduaien 2022ko urr. 12a, 19:24

Zentral eolikoen aurka dauden Gipuzkoako gainerako plataformekin bat egin du Azkoitiko Oletan ere Ez! taldeak gaur, Elosuan. Taldeak garbi utzi nahi izan du "eolikoen alde" daudela, baina ez dutela bat egiten mendietan eraiki nahi dituzten eolikoen proiektuekin, plataformaren iritziz horiek "inposatuta" eta "inolako planifikaziorik gabe" egin nahi baitituzte.

Elosuan elkartu dira gaur, asteazkena, zentral eolikoen aurka dauden Gipuzkoako plataformak, eta ekimenean parte hartu dute Azkoitiko Oletan ere Ez! taldeko kideek ere. Agerraldi kolektiboaren "balorazio oso positiboa" egin dute haiek, batetik, talde guztiek "elkarren berri izateko" balio izan duelako, eta bestetik, herri bakoitzeko proiektuen ezaugarriak ezagutzeko aukera izan dutelako. Bide batez, "ideiak elkartrukatzeko" ere balio izan die gaurko ekimenak eolikoen aurkako plataformei.

Herriko plataformako kideek nabarmendu dute "eolikoaren alde" daudela, baina, era berean, adierazi dute proposatzen duten sisteman edo "makroproiektuetan" ez dutela gehiegi sinesten, horiek "inposatuta" eta "inolako planifikaziorik gabe" egin dituztelakoan. "Eolikoak nahi ditugu, energia berriztagarriak nahi ditugu, baina ez gaude eredu honen alde. Gauzak beste era batera egitearen alde gaude bai gure taldea eta bai gaur Elosuan bildu garen talde guztiak", adierazi du Jesus Larrañaga Oletan ere Ez! taldeko kideak.

Ainara Elorza taldekideak ere nabarmendu du energia berriztagarriak "ezinbestekoak" direla. "Landa eremuak zein natura-guneak babestu gabe, etorkizuna hipotekatzen ari gara. Gure ondorengoak baliabiderik gabe lagatzen ari gara eta uste dugu ezin dela enpresa handien eta horien interes ekonomikoen eskuetan utzi. Oso gai serioa da". Horren aurrean, Larrañagak adierazi du "pozgarria" dela beraientzat jendea horrelako proiektuen aurka dagoela ikustea.

Oletako zentral eolikoaren proiektuaren berri izan zutenean sortu zen Oletan ere Ez! taldea. Larrañagak adierazi duenez, orduz geroztik plataformaren helburu nagusia izan da Oletako proiektuaren ezaugarrien berri herritarrei ematea eta eolikoen inguruan jendea informatzea. Sinadura bilketa ere egin du taldeak, eta mila atxikimendu baino gehiago jaso dituzte. Era berean, Antonio Aretxabala geologoaren hitzaldia ere antolatu zuten.

Hala eta guztiz ere, aurrera begirako erronkak badituztela azaldu dute taldekideek, eta hain justu, udalean mozio bat sartu berri dutela jakinarazi dute. "Eolikoen kontrako mozioa sartu dugu udalean, jakin nahi dugulako gaiaren inguruan Azkoitiko Udalak duen iritzia zein den. Inguruko udalek ez dituzte babestu horrelako proiektuak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide