Ehunka lagunek bat egin dute Elosuan "mendiak industrializatzearen aurka"

Andoni Elduaien 2022ko urr. 12a, 17:19

Zentral eolikoen aurka dauden Euskal Herriko zenbait talde Elosuan elkartu dira gaur, urriak 12, mendietan eolikorik ez dutela nahi aldarrikatzeko. Aditzera eman dute energia berriztagarrien aldekoak direla, baina ez aurkeztu diren proiektuek jasotzen duten moduan "mendiak industrializatuz". Hain zuzen, eolikoen aurkako plataformetako kideak mendiak babesteko elkartu dira Elosuan, baita zentral eolikoak jarri nahi dituzten inguruetako baserritarrak nahiz herritarrak defendatzeko ere.

Bergara eta Azkoitia arteko Elosua auzoan elkartu dira gaur, asteazkena, zentral eolikoen aurka dauden Euskal Herriko plataformak. Eguraldi makurra eginagatik eta feria eguna ez bazen ere, jende ugarik egin du bat deialdiarekin; izan ere, ekimenaren sustatzaileen arabera, Euskal Herriko 400 bat lagun elkartu dira auzoan. Azkoitiko Oletan ere Ez!, Azpeitiko nahiz Zestoako Sañu Bizirik, Bergarako, Elgoibarko zein Soraluzeko Karakate Bizirik, Urretxu eta Zumarragako Urretxu-Zumarraga Bizi! eta Zizurkilgo nahiz Usurbilgo Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeetako kideak nahiz herri horietako herritarrak elkartu dira gaur auzoan.

Elosuan izan dira Azkoitiko Oletan ere Ez! taldeko kideak ere. Goizean goiz, 09:00etan, abiatu dira plataformetako kideak zein norbanakoak auzora, batzuk oinez, besteak bizikletan eta azkenak autobusez. Plataformako beste batzuk, berriz, Elosuko frontoian aritu dira prestaketa lanetan; izan ere, auzora joan diren guztiei pintxoak eta edariak eskaini dizkiete taldekideek. Eguerdia trikitilariek girotu dute, eta bien bitartean, "mendiak aske" nahi dituztela aldarrikatzeko produktuak erosi eta erakusketa bat bisitatu dute bertaratutakoek.

13:00etan egin dute agerraldi kolektiboa prentsaren aurrean plataformetako kideek. Atzerritik Gipuzkoara etorritako zenbait enpresa, tartean Green Capital eta Statkraft, zentral eolikoak egiteko "baimenak tramitatzen" ari direla nabarmendu dute haiek. Hain zuzen, zentral eolikoak egiteko proiektuak garatzen ari dira Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Zestoan, Urretxun, Zumarragan, Soraluzen, Elgoibarren, Zizurkilen, Eskoriatzan eta Aramaion. "Zenbat gehiago?", galdetu dute plataformetako kideek.

Proiektu horien aurkako taldeak eta plataformak "erritmo berean" ari dira sortzen, eta argi dute zein den beren helburua: "Bertako mendietako ondare naturala, arkeologikoa, geologikoa, historikoa, paisajistikoa eta espirituala babestea eta inguruko baserrietako zein herrietako biztanleak eta haien bizitokia, osasuna eta jardun ekonomikoa defendatzea dira gure asmoak". Plataformentzat "mehatxua ez da nolanahikoa", eta proiektu horiei aurre egiteko "elkarlanean hasita" daude. 200 metro luze eta 158 metro zabal liratekeen aerosorgailuak eraikitzeko proiektuak aurkeztu dituzte sustatzaileek, eta konparaketa bat egitearren, agerraldian Eiffel dorrea jarri dute adibidetzat —eraikin horrek 330 metro ditu—. Era berean, zentral eolikoen proiektuak gauzatzeak mendietara "bost metro zabaleko errepideak" eta "hormigoizko zimentazio erraldoiak" eramango lituzketela ere adierazi dute. "Proiektuok berehala egiteko aitzakiatzat darabilte Ukrainako gerra, energiaren prezioa garestitu dela esanez. Halere, pasa den udazkenetik prezioen gorakada nabarmena zen, ekoizpenerako materiala bukatzen ari delako. Duela 20 urte, hainbat eremutan mehatxu bera egon zen, eta herritarren zein udalen kontrako lanari esker geratu ziren proiektuok".

"Beste modu bat" aldarri

Elosuan bat egin duten plataformetako kideek "energia lortzeko beste modu bat" aldarrikatu dute. Taldeek nabarmendu dute eolikoen proiektuen lehentasuna ez dela "Gipuzkoako herritarren elektrizitate beharra bermatzea", baizik eta "aberatsen diru nahia elikatzea" nahi dela. "Herrialde pobretuetan hainbestetan erabiltzen den eredu bera aplikatu nahi dute, berriztagarri eta jasangarri etiketak gehituta: azpiegiturak eraiki, ingurua nahiz inguruko biztanleak sakon kaltetu, hainbat urtetan intentsiboki ustiatu, eta ondoren, zaborra eta kalteak bertan utzita, alde egin". Proiektu eta eredu horiek "jasangarritik eta berriztagarritik gutxi" dutela nabarmendu dute.

Haize errotak "material mugatuz" egiten dituztela ere azaldu dute, eta horietako bakoitza eraikitzeko beharrezkoa den materiala zerrendatu dute jarraian: "Hormigoizko tona bana, 335 tona altzairu, 4,7 tona kobre, hiru tona aluminio, bi tona lur arraro eta zinka zein molibdenoa bezalako beste material batzuk". Material horiek garraiatzearen eta manipulatzearen ondorioz, "kutsadura" sortzen dela eta "fosil asko agortzen" direla esan dute. Bide batez, gogorarazi dute 70 metro edo gehiago dituzten haize erroten hegalek "gehienez 25 urtean" funtzionatzen dutela. "Hondatzen diren hegal gehienak, oraindik orain, hondakin moduan lurperatzen dituzte. Hori berriztagarria al da?".

Energia lortzeko "modu asko" daudela adierazi dute, eta Euskal Herrian bertan sortzen ari diren "modu hobeak" zein diren aurkeztu dute. "Baliabide energetikoen ustiapenerako gobernantza eredu sozialak eta gertukoak dira baliagarrienak, instalazio txikiagoak energia kontsumituko den lekutik gertuago jarrita". Horretarako, "artifizializatuta dauden eremuak" lehenestea ikusten dute logikoena eolikoen aurkako plataformek, hala nola teilatuak eta industrialdeak. Uste dute horrela "efizientzia energetiko hobea" lor daitekeela eta eragiten den "kaltea txikiagoa" izango dela. "Europa erdialdeko hainbat herrialdetan bide horri ekin diote, eta horrekin batera, debekatu egin dute mendietan eolikoak jartzea. Egin daiteke beste modu batera; hori ere asmatuta dago. Hemen zergatik ez?", galdetu dute. Horren aurrean, mendiak babesteko deia zabaldu dute Elosutik lau haizetara. "Oso industrializatuta, kutsatuta eta artifizializatuta dagoen lurraldea da Gipuzkoa. Horregatik, eta murgilduta gauden krisi energetikotik ateratzeko, mendiak, basoak, larreak, sare hidrologikoa, aniztasun biologikoa eta baliabideak errespetuz eta kontuz baliatzea dagokigu, Gipuzkoa egungo zein etorkizuneko belaunaldiek bizitzeko moduko lurraldea izan dadin". Plataformetako kideak jakitun dira egoerak gizarte guztiaren "gogoeta bateratua eta integrala" eskatzen duela, baita energiari buruzkoa ere, gero ondorengo urteetarako planifikazio bat gauzatzeko.

Agerraldia amaitu ondoren, Arabako herritar batek hartu du hitza, lurralde horretan eolikoen gaian duten borroka zein den azaltzeko. Hark adierazi du Arabako Foru Aldundiak Mugarri Plana onartuta duela, eta horrek zehazten duela eolikoak non kokatu eta non ez. Era berean, esan du Gipuzkoako zein Bizkaiko batzar nagusietan eta Eusko Jaurlaritzan ere onartuta dagoela plan hori, eta orain eskatzen dutena Energia Berriztagarrien Lurralde eta Sektore Plana dela. "Beraiek esan zuten plana egin behar zela, baina garatu gabe dago. Eolikoen, eta, oro har, energia berriztagarrien alde gaude, baina baita mendien eta naturaren alde ere. Natura ezin da suntsituz defendatu. Zer nolako berriztagarria da eta zer nolako energia berdea da geratzen zaigun elementu bakarrenetakoa suntsitzea?". Amaieran, Elosuko zelai batera jo dute —feria egunean ibilgailuen aparkaleku bezala erabiltzen zuten zelaia—, eta han haize errota bat irudikatu guztiek. Elosuko agerraldia txalo zaparrada artean itxi dute bertaratutako guztiek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide