Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

"Ama orearekin egindako ogi ekologikoa eginda, produktu on bat eskaintzen ari garela uste dugu"

Erredakzioa 2022ko urr. 10a, 11:18

Hilabeteko ibilbidea besterik ez du Labesu kooperatiba txikiak, baina Iraitz Elordi eta Iraultza Arrizabalaga sortzaileek garbi dute bezeroei zer eskaini nahi dioten: kalitatezkoa eta osasuntsua den ogia.

Nolakoa izan zen Labesu Kooperatiba Txikia sortzeko prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Iraultza Arrizabalaga: Iraitz lehenagotik ere ibilitakoa zen okin gisa lanean, eta ni, tarteka, laguntzera joaten nintzen. Lagun baten lantegia ere ikusi genuen, eta biok ogia egiten hasteko ideiarekin berotu egin ginen orduan; 2021eko Aste Santua zen. Gerora, Iraurgi Berritzen agentziarekin jarri ginen harremanetan, eta izapide kontuekin abendura bitartean aritu ginen. Lantegiko obrak ere egin genituen, eta maiatzean ekin genion ogiarekin proba desberdinak egiteari. Okindegia martxan jarrita, irailean hasi ginen ogia saltzen. Bide honetan lagun eta familiakoen laguntza handia jaso dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu emandako babesagatik.

Zer ikasi duzue prozesu horretatik?

Iraitz Elordi: Izapide kontuak egitea zaila dela. Gainera, dirua ere behar izaten dela. Azkenean, eta, beti bezala, dirua baldin baduzu, gauza eta lan asko aurrezten dituzu. Gainera, izapideak egiteak denbora eskatzen du; gure kasuan, adibidez, ogiarekin probak eta hobekuntzak egiteko denbora.

Enpresa plana garatu edota formakuntzaren batean parte hartu al zenuten?

I.E.: Ogiaren inguruko ikastaroa egin genuen biok. Horrez gain, izapideak egitea handi gelditzen zaigun zerbait dela ohartu gara, eta, alde horretatik, adibidez, laguntza handia eskaini digu Iraurgi Berritzenek. Prozesua espero genuena baino zailagoa izan da.

Zergatik ogi ekologikoa?

I.E.: Gaur egun, ogiaren industriak ogia egiteko prozeduran aldaketa asko ditu legamia eta irin ez ekologikoak ibiltzetik haratago, eta horrek, osasun arazoak eragin ditu. Gainera, industrializazio horrek ogiaren prezioa oso baxua izatea ere eragin du. Ogiaren munduan sartzeko genuen aukera bakarra zerbait desberdina eskaintzea zen. Gainera, ama orearekin egindako ogi ekologikoa eginda, produktu on bat eskaintzen ari garela uste dugu, osasuntsuagoa da.

I.A.: Gainera, ogi ekologikoaren eskaera gero eta handiagoa da, eta horri erantzuna eman nahi genion.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

I.E.: Alde ona, nagusirik ez duzula. Baina, aldi berean, dena zuk egin behar duzu.

I.A.: Hasiera besterik ez da; azkarregi da alde onak eta txarrak identifikatzeko.

I.E.: Bizitzeko dirua behar duzu, eta lana egin behar duzu dirua lortzeko. Bi gauza horien arteko oreka bilatzea da gakoa.

Zein dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

I.A.: Pazientzia beharrezkoa da, baita denbora, ardura, ez etsitzea, dirua ere. Dirurik ez baldin baduzu, jakin egin behar da nondik tira... Gauza asko dira!

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?

I.A.: Ogia saltzeari ekin diogu, baina denbora gutxi daramagu horretan. 632 06 74 87 Whatsapp zenbakian lor dezakete herritarrek egiten ditugun ogiekin osatutako katalogoa. Gainera, ogia eskuratzeko puntu gutxi ditugu oraingoz: Azpeitian Urola Express, Haginpe,eta Izaro tabernetan, Urrestillako dendan eta Kimubaten.Azkoitian Abaraxka aterpetxean eta Galipan tabernan ditugu ogiak eskuragarri. Horregatik, salmenta puntu horiek hedatzea da da gure asmo nagusiena.

I.E.: Ogia bera hobetzen joatea ere nahi dugu. Baditugu ogi desberdinak egiteko errezeta batzuk, baina horiek findu egin nahi ditugu. Beti dago hobetzea, eta produktua osasuntsuagoa izatea ere bai.

I.A.: Frantzian ogia egiteko erabiltzen ari diren prozedura berri bat ikusten ere izan ginen, respectus panis izenekoa; ogi osasuntsuago eta digestiboago bat egitea du xede. Baina poliki joan nahi dugu, hasi besterik ez gara egin eta.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide