Ekintzailetza sustatzea asmo duen autobus interaktiboak Azkoitian egin du geldialdia

Andoni Elduaien 2022ko urr. 10a, 10:50

Zenbait haur, autobusera sartzeko ilaran.

Azkoitian egongo da egunotan autobusa, herritarrei ekintzaile izatea zer den azaltzeko eta haren ezaugarriak zein balioak erakusteko. Tailer bat eta multimedia gunea aurkituko dituzte bisitariek autobus barruan.

La Caixa fundazioaren LabEmprende izeneko autobus interaktiboa Azkoitian da. Ikasleei zein bisitariei ekintzailetzaren kontzeptua zer den azaltzea du asmo nagusia autobusak, eta eliz atarian egongo da egunotan. Ikastetxeetako zenbait ikaslek goizean goiz bisitatu dute autobusa, baina bestelako norbanakoentzako ere irekita egongo da autobusa.

Tailer interaktiboa eta multimedia gunea duen laborategia du barruan autobusak, eta bisitariek ekintzailetzaren ezaugarriak zein balioak ikusteko aukera izango dute. Gainera, hainbat jarduera eginda prozesua bertatik bertara esperimentatzeko gunea ere badu autobusak.