Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko ordezkaritza, Topagunearen 25. urteurreneko ekitaldian

Andoni Elduaien 2022ko urr. 9a, 10:27
Karmen Irizar, ezkerretik bigarrena, ostiraleko ekitaldian. (Goiena)

Euskaltzaleen Topagunea eratu zenetik 25 urte bete dira, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten herenegun, ostirala, Donostian. Euskara elkarteen mugimenduaren ekarpena azpimarratu eta euskararen normalizazioan dagoen egitekoa nabarmendu zuten Topaguneko ordezkariek. Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko ordezkaritzak parte hartu zuen ekitaldian, tartean Topaguneko lehendakaria izan zen Karmen Irizarrek.

25 urte bete ditu euskara elkarteen bilguneak, Euskaltzaleen Topaguneak, eta hori ospatzeko ekitaldia egin zuten herenegun, ostirala. Asko eginda, gehiago egiteko lelopean Donostiako Aquariumean elkartu ziren euskalgintzan diharduten ordezkariak, eta azken 25 urteetan lortutakoa eta aurrera begira egiteko dagoen lana izan zituzten hizpide.  

Euskara elkarteen mugimenduko kideez gain euskalgintza, erakunde, gizarte eragile, alderdi politiko eta eragile sindikaletako ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian, horien artean Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko ordezkaritza batek. Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari izandakoek egindako lana aitortu zuten ekitaldian, tartean Karmen Irizar azkoitiarrarena. Guztiek hitza hartu zuten ekitaldian, eta mende laurdenean izandako bizipenak kontatu zituzten, baita etorkizunerako mugimenduarentzat ipar izan daitezkeen kontuak xehetu ere.

Euskararen biziberritze prozesuan beste fase batera pasatu beharra dagoela azpimarratu zuten Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Jasone Mendizabalek federazioko zuzendariak. Erabileran jauzi bat ematea jarri zuten helburutzat, eta horretan euskara elkarteen mugimenduak "ekarpen garrantzitsua" egin dezakeela nabarmendu zuten.

Euskara talde bakoitzak bere aldetik ezin zuela ibili ulertuta sortu zen duela 25 urte Euskara Elkarteen Topagunea, gaur Euskaltzaleen Topagunea dena. Orduan sortu zen Maxixatzen Euskaldunon Elkartea ere. Ekitaldian hastapenetara egin zuten jauzi, eta euskalgintzaren bueltan orduan zeuden helburuak zerrendatu zituzten: mugimendu euskaltzalea Euskal Herri osora zabaltzea, administrazioarekin eta erakundeekin "solaskidetza indartsu bat" eraikitzea eta toki berrietara zabaltzea.

Horren ondoren, 25 urteetako lorpenak zein izan diren adierazi zuen Mendizabalek. Hain zuzen, egun Euskaltzaleen Topaguneak "mugimendu nazionala" izatea lortu duela nabarmendu zuen hark. "Herri komunikabide euskaldun eta euskaltzale sare sendoa duena, 6.000 mintzalagun, kultur dinamika oso-oso aberatsa eta askotarikoa". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide