Bestaldetik

Arantxa Aldalur: "Komunikazioarekin zerikusia duen guztia gustatzen zait"

Ane Olaizola 2022ko urr. 23a, 18:00
Arantxa Aldalur, eliz atarian. (Argazkiak: Ane Olaizola)

Ume zela erein zuen poesiarako zaletasuna, eta pasio horrek gaztetan eman zituen aurreneko fruituak. Ondoren, 22 urtez, Debako eta Zarauzko udal euskaltegietan aritu zen irakasle lanetan, eta egun, Zarauzko Udalean egiten du lan, Hezkuntza Saileko arduradun gisa. Azkoitiarrak han du bizilekua duela 22 urtetatik.

Ilusio berezia" egin dio Maxixatzenen elkarrizketarako gonbidapenak, eta Zarauztik Azkoitira joan-etorria egiteko aprobetxatuz, hitz jario ederrez eta jaioterriko hizkera hitzean eta hortzean duela erantzun ditu galderak. Zaila da Arantxa Aldalur (Azkoitia, 1963) hitz bitan aurkeztea, hainbat "egonezin" dituen emakumea baita.

Poesia idazlea, euskara irakaslea, telebista zein kaleko saioen aurkezlea... Nor da Arantxa Aldalur?

Komunikatzailetzat dut nire burua, batez ere. Klaseak ematea asko gustatu izan zait, haurra nintzenetik dut gustuko laguntzea. Andereño izan nahi nuelako ikasi nuen Magisteritza, eta Turismoa ikasi nuen gero. Hizkuntz Plangintza diplomatura ere badut; gogoko ditut hizkuntzak, hitz egitea eta komunikatzea, batez ere. Aurkezpen lanak ere egiten ditut herrian, eta Erlo Telebistan ere aritu naiz gauza batzuk egiten; saltsa hori asko gustatzen zait. ETB1eko Airean saioan, berriz, hamabi bat emankizun egin nituen tertuliakide gisa. Zeregin asko etorri egin zaizkit: ekitaldiak aurkeztea, saioetan parte hartzea... Eta proposamen guztiei baietz esaten diet. Izan ere, mundu hori ikaragarri gustatzen zait. Orain zera esaten dut: berriz jaioko banintz, kazetaritzaren alorretik egingo nuke ibilbidea. Aipatu ditudan gauza horiek guztiak zaletasunak dira, ogibidez Zarauzko Udaleko Hezkuntza departamentuko arduraduna bainaiz. Hala ere, lanean egin izan ditut komunikazioari lotutako gauzak: duela hainbat urte, esaterako, tertuliak antolatu nituen, frantsesez eta ingelesez. Han ere oratoria lantzen nuen [barreak]. Komunikazioarekin zerikusia duen guztia gustatzen zait. Berritsu jaio gara, eta...

1980ko hamarkadan hasi zenuen ibilbidea literaturan, eta 20 urterekin argitaratu zenuen aurreneko poesia liburua: Itsas oiartzunetan oro malenkonia. Hiru urteren ondoren, berriz, Hainbat gau izarrik gabe. Biek ala biek sariak eskuratu zituzten. Ordutik, beste hiru poesia liburu kaleratu dituzu: Hasperen gisa; Amodio eta desamodio poemak eta Ilunetik... argira.

Aurreneko saria Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zidan, eta sari hura Xabier Leteren eskutik jaso izanak sortu zidan ilusio gehien. Bigarren saria eta liburu argitalpena, berriz, Euskaltzaindiarenak izan zen. Zera esan zidan Alfonso Irigoienek orduan: "Hain gazte, eta dagoeneko saria irabazita". Animatu egin ninduen hark idaztera. Hirugarren saria Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eman zidaten. Ondoren, beste lehiaketa batera aurkeztu nintzen, baina ez nuen saririk lortu, eta lanak neure kontura kaleratzen hasi nintzen. Bi autoedizio txiki egin nituen, aurreneko hiru liburuak pixka bat txukunduta. Ipuinak ere idatzi ditut, baina horiek etxean, txokoan, ditut gordeta.

Idaztea ere zaletasunen artean sartzen dut. Ez naiz batere lotsatia, baina poesiaren kontuak pixka bat lotsatu egin izan nau beti. Kostatu egiten zait idazlea naizela esatea, baina bien bitartean, Euskal Idazleen webgunean agertzen naiz. Emakume askori gertatzen zaigu hori; gizonezko batek zerbait irabazten du eta hark idazletzat du bere burua, baina nik hiru sari irabazi ditut, baita hainbat artikulu idatzi ere, eta oraindik ez naiz idazle kontsideratzen.

Zer-nolako bilakaera izan dute zure lanek?

Hasieran, maitasun poemak sortzen nituen. Idatzi nuen azken liburua Ilunetik...argira izan zen. Garai hartan, une pertsonal gogorra igaro nuen, eta bizitako hori atera nuen argitara; nola igaro nintzen gaizki egotetik ondo egotera.

2013an itxi egin al zenuen literaturaren bidea?

Hasiera batean, bai. Pentsatu nuen hura ez zela nire bidea eta beste bat hasi behar nuela. Orain konturatzen naiz poliedroak garela eta gauza bat hor lagatzeak ez duela esan nahi betirako utzi behar duzunik. Egin daiteke pixka bat denetik; neurria hartzea da kontua, eta horretan nabil. Orain, sortzeko momentua iritsi zait berriz.

Sortzen jarraitzen duzu, beraz.

Orain, sortze puntuan nago berriz ere. Batzuetan, ematen du ez garela ezer egiten ari, baina ingurukoa xurgatzen ari gara. Une hori ez da idazteko momentua, baina jasotzen ari zara, asko. Bulkada asko izaten ditut; egon naiteke tarte bat ezer idatzi gabe, eta kontatzeko gauza askorekin gero. Kontatzeko prozesu horretan, aurrenengo, barrurako lan bat egoten da, eta gero ateratzen da.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Haurra nintzenetik dut gustuko. Eskolan, literatura asko gustatzen zitzaidan. Gogoratzen naiz literaturako liburuaren bukaeran poesia zatiak egoten zirela eta horiek irakurriz zaletu nintzela. Irakurtzea betidanik asko gustatu izan zait, baina, egia esan, ez dakit idazten noiz hasi nintzen. Txikitako lagunek esaten didate azterketaren bat gainditzen ez bazuten, errimak eginda lau hitz bidaltzen nizkiela animo moduan... Ez naiz horrekin akordatzen, baina bai hitzekin jolastea asko gustatzen zitzaidala. Euskara gehiago ikasten eta hizkuntza maitatzen hasi nintzenean, hiztegira jo eta sinonimo asko bilatzen nituen, eta ondoren, sinonimo horiekin hitz jokoak egin eta sentimenduekin lotzen nituen... Horretan beti jolastu izan dut, baita orain ere. Poesia hizkuntz ariketa bat da niretzat.

"Hitzekin beti jolastu izan dut, baita orain ere. Poesia hizkuntza ariketa bat da niretzat"

2014ko Kilometroetan, Aldalur Erlo telebistarako aurkezpen lanak egiten, Andu Lertxundirekin.

Literaturaren arloan "belaunaldi handi batekoa" zarela esana duzu. Zentzu horretan, gaztea zinela, Azkoitian zer-nolako ingurua izan zenuen?

Institutuan maisu bat eduki genuen, eta hari bost-sei idazle atera zitzaizkion: Juan Luis Zabala, Felipe Juaristi, Pako Aristi... Horietatik neska bakarra ni nintzen. Dena den, nik inoiz ez dut nire burua horien maila berean jarri. Haiek ia-ia idazle profesionalak dira; ni, ez.

Giro berean mugitzen al zineten?

Ez. Adinekoak ginen, baina ez ziren nire ingurukoak. Esan daiteke batik bat maisuaren eragina jaso nuela. Ostiraletan izaten genuen harekin klasea, eta irakasleak euskarazko liburu pila bat eramaten zituen guk irakur genitzan. Liburu guztiak mahai gainean uzten zituen, eta berak paso egiten zuen. Ikasleok hasieran tertuliari ekiten genion, baina maisuak ostiralero gauza bera egiten zuenez, azkenean liburu bati heltzen genion, eta plazerez leitzen genuen; ez genuen laburpenik-eta egin behar izaten. Irakurri egiten genuen, besterik ez. Orain, ikasleei beti eskatzen zaie liburuaren laburpen bat-edo egitea, eta hori ez zait oso egokia iruditzen. Plazerez irakurri behar da, eta bakoitzari utzi behar zaio gustukoa topatzen. Gero, irakurriko ditu irakurri behar dituenak, baina lehenengo utzi diezaiogun bere bidea egiten. Neuk ere lehen obligazioz hartzen nuen irakurtzea, baina aspaldian ez. Izan ere, asko dago irakurtzeko, ez naiz denera iritsiko eta ez gaude denbora alperrik galtzeko.

Zer motatako literatura duzu gustuko?

Hasieran, poliziakoa irakurtzen nuen, istorioaren amaierara arte ez duzulako jakiten nor den hiltzailea. Genero horrek laguntzen zidan ez aspertzen eta liburuaren amaieraraino iristen. Gero, klasikoekin eta maitasun istorioekin hasi nintzen. Egun, denetik irakurtzen dut, baina gehien gustatzen zaizkidanak poesia eta saiakera generoetakoak dira.

Diozunez, baduzu beste zaletasun bat, hain ezaguna ez dena, ezta?

Igarle ukitua dudala esaten didate, asko ikusten dudala... Amamarengandik jaso dut sen hori. Hura belarrekin ibiltzen zen, eta ni kartekin. Oshoren kartak botatzea gustatzen zait, hazkuntza pertsonala oinarri dutenak, horiekin inor ez dudala mintzen uste baitut. Horrez gain, esku sendatzaileak ditudala esaten didate. Mendizaleekin-eta joaten naizenean, inork mina hartuz gero, "magia" egiten dudala esaten didate. Ematen du funtzionatzen duela, baina reiki-edo egin beharko dut, energia hori gero neuk ez eramateko. Arlo hori ere komunikazioa da; laguntzea.

"Bulkadak ditut. Egon naiteke tarte bat ezer idatzi gabe, eta kontatzeko gauza asko izan gero"

Hitzekin eta hizkuntzarekin osatu duzu ibilbidea. Izan ere, 1988an Debako Udal Euskaltegian hasi zinen irakasle, eta zuzendari ere izan zinen. Nola oroitzen duzu garai hura?

Debako Udal Euskaltegian lau urte egin nituen, eta handik Zarautzera pasatu nintzen. Oso oroitzapen politak ditut. Karrera amaitu berritan topatu nuen lana. Poesia saria ere orduan eman zidaten, eta mutil laguna ere topatu nuen; zortedun sentitzen nintzen. Oso gustura aritu nintzen. Hutsetik hasi zen talde batekin ekin nion hango ibilbideari, eta taldeak nirekin amaitu zuen prozesu osoa. EGAko taldea ere nik hartu nuen, eta asko ikasi nuen irakasten. Funtzio bikoitza izan zuen etapa hark: batetik, irakasteko nuen bokazioa praktikan jartzeko balio izan zidan; eta bestetik, hizkuntzarekiko mimoa landu nuen.

Euskaltegiak zer erronka zituen?

Euskarari dagokionez, Debara joan nintzenean ohartu nintzen Azkoitian euskaraz asko hitz egiten zela; Itziarkoek egiten zuten, baina oro har, Deban, herri txikia izanagatik, nahiko erdal giroa zegoen. Beraz, erronka handia zen. Ostiraletan zerbait hartzera ateratzen ginen, baina ikasleei eskolatik kanpo kostatu egiten zitzaien euskaraz aritzea. Ordea, zerbait egin genuen, ustez behintzat. Handik Zarauzko Udal Euskaltegira joan nintzen, eta jauzi handia antzeman nuen; Zarautzen asko egiten zen euskaraz.

Aldalur, erdian, ingeles eta frantses kafe tertulietan.

Ezagutza maila igo den arren, erabileran pauso bat atzera eman denaren oihartzuna gero eta ozenagoa da. Sumatzen al duzu hori kalean?

Bai, eta atentzioa ematen dit. Zarautzera joan nintzenean, guztia euskaraz egiten zen, eta urte batzuk badira, hamar baino gehiago, ume batzuk gazteleraz entzun eta etxeko balkoira atera nintzela, harrituta. Orain, hori asko, nahi baino gehiago, sumatzen da. Euskara departamentutik-eta guztiok ari gara lanean, AEK zein udal euskaltegiak programa asko ari dira garatzen atzerritik datozenentzat, eskoletan ere umeek berehala ikasten dute, baina ez dakit gurasoen joerarengatik-edo al den, baina atentzioa ematen du gaztelerarako dagoen joerak.

"Esaten didate sinpatikoa eta graziosoa naizela. Hori Azkoitiko ukitua dela uste dut"

Zarauzko Udaleko hezkuntza arloko arduraduna zara. Zein da zure egitekoa han?

Eskolekin egiten dugu lan. Batetik, eskola publikoen mantenua ematea egokitzen zaigu guri, eta horiek dira Orokieta herri eskola eta haurtzaindegia. Bestetik, eskola guztientzat hainbat dirulaguntza bideratzen ditugu, eta programak zein lehiaketak antolatzen ditugu. Horien artean, Ikaslaguna programa dugu, zeinetan boluntarioen bidez behar bereziak dituzten ikasleak laguntzen ditugun. Orain buruko osasuna nahi dugu landu, pandemiak gazteak ondo jo dituelako eta prestigio aldetik kaltetuenak izan direlako. Gazteek egin dituzten gauza positiboak ikusgai jarri nahi ditugu. Izan ere, esaten dute gazteen artean asko nabaritu direla depresio eta antsietate kasuak. Ez da asko aipatzen, baina suizidio kasu pila bat daude, eta gaiari heldu egin behar zaio.

Urte asko dira Zarautzen bizi zarela. Zer harreman duzu Azkoitiarekin?

Asko kostatu zitzaidan Azkoititik joatea. Hasieran, beti esaten nuen azkoitiarra nintzela, eta gero hasi nintzen esaten zarauztarra zein azkoitiarra nintzela. Ezin dut bat kendu. Gainera, iruditzen zait nire xarmarik handiena Azkoititik datorkidala. Esaten didate sinpatikoa eta graziosoa naizela, eta hori Azkoitiko ukitua dela uste dut. Horrez gain, nire haurtzaroa Azkoitian dago, eta txikitan formatzen gara. Egia da, era berean, kortsea ere hor daukazula; jendea etiketatzekoak gara, horretan ere ikasten ari garen arren. Baina, oro har, modu batera ikusten zaituzte, eta hein batean, ikusten zaituzten hori bihurtzen zara. Beraz, herritik ateratzeak asko lagundu dit soltatzen. Batetik, Zarautzek eman didan askatasuna dut, baina bestetik, gaur arte ditudan balioak eta edukazioa Azkoitian jasotakoak dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide