Hitz bitan

Hortensia Macia: "Gustuko dut fondantarekin estaltzen diren tartak egitea"

Andoni Elduaien 2022ko urr. 31a, 16:30

Hortensia Macia, berak egindako tarta bat eskuetan duela. (Andoni Elduaien)

Duela hiru urte iritsi ziren Venezuelatik Azkoitira Hortensia Macia (Caracas, 1962) eta haren senarra. Alaba Azkoitira etorria zen bizitzera, eta Madrilera joana zen semea. Haiengandik gertuago egon nahi zutelako lekualdatu zen bikotea. Egun, Galipan tabernako gozogilea da Macia.

Caracasen jaioa zara. Noiz iritsi zinen Azkoitira eta zer arrazoik bultzatuta?

Duela hiru urtetik bizi gara Azkoitian. Lehen aldiz Gabonetan etorri ginen herria bisitatzera; izan ere, alabak Azkoitiko familia duen mutil bat ezagutu zuen, eta aukera berriak probatzeko herrira etortzea erabaki zuten. Semea, berriz, Madrilen bizi da. Senarra eta biok bakarrik gelditu ginen Caracasen, eta seme-alabengandik gertu egon nahi genuenez, hona etortzea erabaki genuen.

Ondo egokitu al zara herrira?

Azkoitiaren aldean handia da Venezuela, baina, bai, ondo egokitu naiz. El Avila izeneko mendi bat dago Caracasen, eta mendi horren zati batek Galipan du izena. Hasieran, gutxi oroitzen nintzen Caracasekin, baina gerora, gehiago. Izarraitz mendiak eta El Avilak antzekotasun handiak dituzte, eta horregatik, sarritan ateratzen naiz balkoira Izarraitzi begiratzera.

Zer iritzi duzu Azkoitiaz?

Herri ederra da. Hiru urteotan asko paseatu dugu inguruan, eta herri polit asko ezagutu ditugu Gipuzkoan. Azkoitiak, ordea, xarma berezia du.

Venezuela gogoan izango duzu sarritan. Zeren falta sumatzen duzu?

Familiako venezuelar bakarra naiz, baina nire bizitzan han dago, han jaio eta hezi bainaiz. Hango bizitzeko modua, lagunak, ohiko eginkizunak... Horren guztiaren falta sentitzen dut. Azkoitira ailegatu nintzenean, ordea, hango etxearekin oroitzen nintzen gehien.

Tartak egiten hasi zinen Azkoitian. Zergatik?

Betidanik asko gustatu izan zait tartak egitea. Hala eta guztiz, ezin izan diet nahi beste denbora eskaini horiei. Duela bost urte edo, gozogintza ikasketak egitea erabaki nuen, akademia baten izena emanda. Gauza berriak ezagutu nituen eta horiek egiten hasi nintzen poliki-poliki. Caracasen pastetan espezializatutako jatetxe bat genuen, eta han hasi nintzen postreak egiten. Azkoitira etorri ginenean, Galipan tabernan hasi nintzen laguntzen, gozogile lanetan. Kafearekin-eta hartzeko bizkotxoak egiten nituen lehendabizi, eta harrera ona izan zutenez, martxa handiagoarekin hasi nintzen lanean; opilak eta tarta hotzak egiteari ekin nion. Jendeak erantzun egin du, eta hori da garrantzitsuena.

Nolako tartak egiten dituzu gaur egun?

Hitzordu berezietarako tartak egiten ditut, hala nola jaunartzeetarako, ezkontzetarako eta urtebetetzeetarako. Bestelako tartak ere egiten ditut, ordea, izan tiramisua, moussea, opilak edo tartaletak.

Zein tarta egiten duzu gustura?

Gustuko dut fondantarekin estaltzen diren tartak egitea. Gauza polit asko sor daitezke fondantarekin; haurrentzako zein helduentzako diseinu bereziak egin daitezke, adibidez. Aukera asko ematen dituenez, oso erraza da lan egiteko eta gauza berriak sortzeko.

Dekorazioa ere asko zaintzen duzu, beraz.

Dekorazioa oso garrantzitsua da tarta batean. Venezuelan tartak dira ospakizunetako protagonista nagusiak. Zerbait ospatzera joan eta ikusten den lehen gauza tarta izan ohi da. Horregatik, xehetasun txikienak ere asko zaindu behar izaten dira.

Zein da tarta on bat egiteko gakoa?

Maitasunez egin behar dira tartak. Halere, kontuan hartzeko faktore asko daude. Izan ere, Azkoitira Venezuelako tarten errezetak ekarri nituen, eta egin nituen lehenak ez zitzaizkidan ondo irten. Orduan ohartu nintzen irakitepuntuak zerikusia izan zezakeela horretan. Izan ere, Caracasen itsas mailatik 900 metrora bizi ginen, eta hemen itsas mailatik gertuago gaude. Osagai batzuk moldatu nituen, eta tartak ondo irteten hasi zitzaizkidan.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide