Imanol Arizmendi txapeldunorde, Espainiako Master Txirrindularien Txapelketan

Andoni Elduaien 2022ko urr. 3a, 11:09
Imanol Arizmendi, podiumaren bigarren koskan. (AC Hotels by Marriott Cycling Team)

Erlojupekoan bigarren sailkatu zen txirrindulari azkoitiarra, eta zilarrezko domina lepotik zintzilikatu zuen. Proba irabazi zuen txirrindulariak baino hamabost segundo gehiago behar izan zituen Arizmendik.

Imanol Arizmendik bigarren postuan lortu zuen atzo, igandea, Espainiako Master Txirrindularien Txapelketan, master 30 mailan. Larunbatean, Errepideko Espainiako Master Txirrindularien Txapelketa jokatu zuten, eta atzo, Erlojupeko Espainiako Master Txirrindularien Txapelketa.

Espainiako Huercal-Overan (Espainia) jokatu zituzten bi probak. Atzo, bigarren sailkatu zen txirrindulari azkoitiarra 17,5 kilometroko erlojupeko proban, txapelketa irabazi zuen Ivan Romerok egindako denboratik hamabost segundora sailkatuta; 22 minutu, 28 segundo eta 67 ehuneneko behar izan zituen Arizmendik irteerako eta helmugako lerroa osatzeko.

Larunbatean, berriz, 116,1 kilometroko errepideko txapelketa jokatu zuten, eta Arizmendi 14. postuan sailkatu zen master 30 mailan, proba Daniel Romero irabazleak baino minutu eta zortzi segundo gehiagoan eginda. Hala eta guztiz ere, zapatuan Mario Villasevil bere taldekideak irabazi zuen proba. Ihesaldian sartu zen hura, eta txapeldunari laguntzea egokitu zitzaion Arizmendiri.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide