Parot eta Esnal gogoan eta hilaren 8koari begira itzuli dira azken ostiraletako elkarretaratzeak

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 1a, 10:00
Atzoko elkarretaratzearen irudi bat. (Azkoitiko Sare Herritarra)

Udako etenaren ondoren, atzo itzuli zen plazara Azkoitiko Sare Herritarra euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzera. Sarek gaur zortzirako Donostian antolatu duen Etxera bidea gertu! egun osoko egitasmotik itzultzeko autobusean azken tokiak gelditzen direla jakinarazi du Azkoitiko Sare Herritarrak.

Iraileko azken ostirala izanik, plazara irten zen atzo arratsaldean Azkoitiko Sare Herritarra, udako oporraldiaren ondotik hileko azken ostiraletako elkarretaratzeen segida berreskuratuta.

Euritik babestuz, Kontzejupean elkartu ziren 30 bat herritar, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko. Atzokoan, Frantziako Zigorren Aplikazio Auzitegiak baldintzapeko askatasunean utzi dituen Jon Kepa Parot eta Jakes Esnal lapurtarrak izan zituzten bereziki gogoan. 32 urte eta erdi bete ditu bakoitzak espetxean. Sarerentzat, Paroten eta Esnalen kasuak, beste batzuenekin batera, "Espainiako eta Frantziako estatuek salbuespeneko espetxe politika aplikatzeko izan duten ankerkeriaren islada" dira.

Paroten eta Esnalen askatasunagatik "poza" adierazi du Azkoitiko Sare Herritarrak. Biei eta haien senideei zein lagunei "besarkada bat bidali", eta Lapurdiko bi presoak "ahalik eta lasterren haien gertukoekin etxean elkartzea nahi eta espero" duela gaineratu dute Sare Herritarrekoek. Halaber, Ipar Euskal Herriko gizarte zibila zoriondu dute, "sektore zabalen konpromisoari, lanari eta mobilizazio sozialari esker lortu baita bizitza osorako zigorra jaso zuten bi presoen askatasuna".

Urriaren 8rako gonbita

Gaur zortzirako, hilaren 8an, Etxera bidea gertu! leloarekin, egun osoko egitasmoa prestatu du Sarek Donostian , eta han gauzatuko dituzten ekintzetan parte hartzeko gonbita egin du Azkoitiko Sare Herritarrak ere.

Urriaren 8an, Izan Bidea egitasmoaren barruan 3.127.326 kilometro egiteko erronkaren amaierarekin hasiko dute eguna, manifestazioa egingo dute jarraian eta, ondoren, musika jaialdia Illunben. Hain zuzen ere, jaialdi horretatik itzultzeko autobusa antolatu du Azkoitiko Sare Herritarrak, eta autobus horren plazak betetzear daudela jakinarazi du: lau toki gelditzen dira libre.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide