Anari Alberdik, Felipe Juaristik eta Iñigo Antsorregik liburu bana aurkeztuko dute udazkenean

Anartz Izagirre 2022ko ira. 27a, 10:55
Anari Alberdi.

Alberdiren lehen lana izango da aurten argitaratuko duena; Gari eta goroldiozko izena du liburuak, eta auto bidaia bat kontatzen du. Bestalde, Juaristik Miles Davisen bizarra deituriko poesia liburua argitaratuko du, eta Antsorregik Nire minaren etxean deituriko saiakera liburua.

Udazkena urtaro oparoa izan ohi da euskal literaturarentzat, euskal idazle askok garai honetan argitaratzen baitituzte beren lan berriak, eta Durangoko Azoka izan ohi da literatur lan berrien jomuga. Hori dela eta, hainbat argitaletxek dagoeneko iragarri dituzte udazkenean plazaratuko diren idazleen liburu berriak zeintzuk izango diren, eta horien artean, hiru azkoitiar daude.

Alde batetik, nobedade nagusia, Anari Alberdiren eskutik etorriko da. Izan ere, musikari azkoitiarrak bere lehen liburua aurkeztuko du aurten: Gari eta goroldiozko. Narrazioa da Alberdiren lehen lana; auto bidaia bat kontatzen du, prosaz, eta tartekatuz joango dira hor gogoeta eta introspekzio uneak. Susa argitaletxearekin plazaratuko du liburua azkoitiarrak.

Bestalde, Felipe Juaristik poesia liburu berri bat kaleratuko du Balea Zuria argitaletxearekin. Miles Davisen bizarra izena du liburuak. Honako lotura honetan irakur daiteke Juaristiri Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa.

Horrez gain, saiakera liburu bat ere izango da Azkoitiko sortzaileen artean. Hain zuzen ere, Iñigo Antsorregi azkoitiarrak Nire minaren etxean liburua plazaratuko du Elkar argitaletxearekin. Antsorregiren bigarren liburua izango da; izan ere, aurrez Katu liburua aurkeztu zuen 2019. urtean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide