Ordenantza fiskalak izango dituzte eztabaidagai biharko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2022ko ira. 27a, 11:00
Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Iraileko udalbatzarra 19:00etan hasita egingo dute udaletxeko areto nagusian. Datorren urteko udal ordenantza fiskalena izango da eguneko puntu nagusia, baina bestelako gaiak ere jorratuko dituzte, hiri antolaketa, udalaren irisgarritasun plana

Bihar, asteazkena, iraileko udalbatzarra egingo du Azkoitiko Udalak 19:00etan hasita. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Azkoitia Bai udal taldeek hainbat punturen inguruan hitz egin eta eztabaidatu beharko dute, baina eguneko puntu nagusia datorren urteko udal ordenantza fiskalena izango da. Txalonerrekako eta Intsaustiko hiri antolaketako araudietako aldaketak ere hizpide izango dituzte, eta udalak egindako Irisgarritasun Plana ere onartuko dute.

Hona hemen biharko udalbatzarreko eguneko zerrenda:

  1. Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
  2. Hiri antolaketako araudietako 5. aldaketa zehatzaren hasierako onespena, 10. sektorea 'Txalonerreka Ekialdea', 13. area 'Insausti' eta Araudi Orokorrari dagokiona.
  3. Azkoitiko Irisgarritasun Planaren onespena.
  4. Azkoitiko Udaleko langile izateko hautatze probetan parte hartu nahi dutenei beharrezko zerbitzuak emateagatik ezarririko tasa arautzen duen ordenantzaren hasierako onespena.
  5. 2023rako Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena.
  6. 2023rako Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi ekipamenduan eta Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen izaera publiko ez tributarioko ondare prestazioa arautzen duen udal Ordenantzaren I. eranskinaren aldaketaren hasierako onespena.
  7. Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 3 zenbakidun espedientearen onespena.
  8. Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 5 zenbakidun espedientearen onespena.
  9. 2020-2022 Azkoitiko Udaleko dirulaguntzen plan estrategikoaren 3. aldaketaren onespena.
  10. Behin betiko onespenen berri ematea. 
  11. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  12. Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide