Lasterketa Solidario Inklusiboan izena emateko mahaia jarri dute

Ane Olaizola 2022ko ira. 21a, 10:17

Urriaren 1ean egingo dute Lasterketa Solidario Inklusiboa, eta haurrek zein helduen eman dezakete izena. Datozen egunetan, antolatzaileek eliz atarian zein plazan jarriko dute mahaia.

Ttipi-Ttapa atletismo taldeak antolatuta, Azkoitiko IV. Lasterketa Solidario Inklusiboa egingo dute urriaren 1ean, eta han parte hartuko dituztenen izen-ematea martxan da dagoeneko. Hain zuzen ere, antolatzaileek asteburuan jarri zuten mahaia eliz atarian, eta atzo, berriz, plazan izan ziren horretan (irudian). Bihar eta hilaren 27 eta 29an ere jarriko dute izen-emate mahaia plazan, 17:00etatik 19:30era artean; larunbatean, berriz, eliz atarian izango dira inskripzioak jasotzen, 11:00etatik 13:30era. Horrez gain, Azkoitiko Udalaren webgunean ere badago izena emateko aukera.

Urriaren 1ean, 17:00etan hasiko dira umeen lasterketak, eta 18:00etan, helduena. Haurren kasuan, hiru euro ordainduta lasterketarako dortsala eta txapa jasoko dituzte, eta kamiseta jasotzeko aukera ere izango dute haurrek aurten, zortzi euro ordainduta. Helduen lasterketan 2009. urtea baino lehen jaiotako herritarrek parte hartu ahalko dute, eta horiek hamar euro ordaindu beharko dute dortsala eta kamiseta aldez aurretik hartuz gero. Aldiz, lasterketarako materiala egunean bertan hartzea hamabost euro ordaindu beharko da. Aurten, parkinsonari aurre egiten dabilen Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuaren gaixotasun neurodegeneratiboaren alorrera zuzenduko dute lasterketan jasotako dirua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide