Ostegunean abiatuko da 'Pasira' egitasmoaren ikasturte berria

Andoni Elduaien 2022ko ira. 20a, 11:11
Eragile desberdinetako kideek parte hartu dute 'Pasira' egitasmoaren aurkezpenean. (Andoni Elduaien)

Liburutegiaren parean 10:00etan elkartuko dira ostegunero parte hartzaileak eta hezitzaileak. Iaz bezala, aurten ere herrian zehar oinezko ibilaldiak egiteko aukera izango dute herritarrek. Egitasmoari eta osteguneko paseoari buruzko informazio xeheagoa jaso nahi dutenek 688 76 39 63 telefono zenbakira deitu ahal izango dute aurrerantzean.

Gaur, asteartea, Pasira egitasmoa aurkeztu dute Azkoitiko udaletxean. Etzi, osteguna, egingo dute ikasturteko lehen paseoa, eta han parte hartzeak dituen onurak zein diren azaldu nahi izan dute egitasmoaren lantaldea osatzen duten eragileetako ordezkariek. Hain zuzen, Sonia Vazquez udaleko Kultura eta Gazteria zinegotziak, Maialen Alkorta Kirol Orientazio Zerbitzuko kideak, Iñigo Azkue Izarraitz Lanbide Heziketako ordezkariak, Maialen Ruiz de Azua Mugiment egitasmoko teknikariak, Jose Mari Flores Azkoitia Lagunkoiako kideak, Jacques Garcia Gurutze Gorriko boluntarioak, Patxi Goenaga Osasun Publikoko kideak eta Nora Lertxundi Osakidetzako langileak parte hartu dute aurkezpenean. Dena den, Caritasek eta Plaza Ondo jubilatuen elkarteak ere osatzen dute lantaldea.

Iaz bezala, aurten ere Aizkibel udal liburutegiaren parean 10:00etan elkartuko dira ostegunero-ostegunero parte hartzaileak, eta hezitzaileek lagunduta herrian zehar ibilbideak egingo dituzte horiek. Egitasmoa proiektu pilotu bezala iazko apirilean jarri zuten abian, baina Vazquezek nabarmendu du "oso erantzun ona" jaso zuela. Zinegotziak nabarmendu du aurkezpenean parte hartu duten eragileetako ordezkarien lanagatik atera zela orduan proiektua aurrera. Egitasmoaren bitartez, batetik, ohitura osasungarriak sustatu nahi dituzte, eta bestetik, sozializazioa; izan ere, Vazquezen hitzetan Pasira herritarren "topagune" bihurtu da. "Ekintza desberdinak egin ziren iaz, hala nola Santa Klara komentura, Intsausti jauregira eta udaletxera bisita gidatuak. Gakoa da astean behin herritarrei goiz atsegin bat igarotzeko aukera eskaintzea".

Bestalde, Alkortak nabarmendu du Pasiran "eragile desberdinek" parte hartzen dutela, eta egitasmoaren "aspektu garrantzitsuena" hori dela. Dena den, antolaketa astez aste aldatzen dutela adierazi du hark. "Jarduera fisikoa sustatzea eta herritarrak aktibatzea da helburu nagusia, baina garrantzitsuena sozializazioaren ikuspuntua da; hor hasten da Kirol Orientazio Zerbitzuaren lana. Gure zerbitzura datozen herritarrak egitasmoan txertatzen ahaleginduko gara. Gonbidapena luzatuko diegu, ibiltzera edo jarduera fisikoa egitera bakarrik joan beharrean, taldean egin dezaten, horrela harremanak sustatzeko eta sozializazioa indartzeko".

Izarraitz Lanbide Heziketak mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta zikloa eskaintzen du, eta Azkue lanbide heziketako ordezkariak azaldu du Pasirari esker "errealitatea bertatik bertara" bizitzen dutela ostegunero. "Aiton-amonekin ibiltzean eta beraiekin sozializatzean, errealitate desberdinak eta benetakoak ikusten laguntzen digute; izan ere, pertsona desberdinek parte hartzen dute Pasiran, bakoitzak bere ezaugarriekin. Sozializatzeko tarte horretan garrantzitsua izaten da beraien kontuei buruz hitz egitea. Horrela, gero lanean biziko duten errealitatea gertuago ikusten dute gure ikasleek".

Ruiz de Azua Mugiment egitasmoko kidea da, eta hark azaldu du beraien asmoa "gizarte aktiboagoa" sortzea dela. Egitasmo horrek gutxieneko jarduera fisikoa egiten ez duten pertsonak jartzen ditu fokupean, eta lan ildoen artean orientazio zerbitzua eskaintzen dute herriz herri. Hain zuzen, 2020. urtean jarri zuten martxan Mugi Azkoitia. "Orientazio zerbitzuaren bitartez, jarduera fisikoa erabiltzaileengan egunerokotasunean txertatzen da. Estrategia horren barruan, Pasira ekimena hasi zen iaz, eta guk oso garrantzitsua ikusten dugu ekintza komunitario bat egotea. Jokabide aldaketa bat lortzeko, norbere motibazioak baino garrantzi handiagoa izaten dute ekintza horren barruan sortzen diren giroak edo inguruneak. Azkoitian garbi gelditu zen Pasira ez dela bakarrik ibiltzera irtetea; Pasira da gainerako herritarrak ezagutzeko, belaunaldien arteko harremana sendotzeko eta herria beste modu batera ezagutzeko egitasmoa. Osagai asko biltzen ditu ekimen polit eta arrakastatsua izateko".

Azkoitia Lagunkoia taldeko Floresek ere herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu ditu. "Pasira erreminta oso ahaltsua da, eta hori aprobetxatu egin behar da". Floresek egitasmoa barrutik ezagutzen duenez, adierazi du jendeak "pozez" hartzen duela beste "herritarrekin hartu-emana" izatea. Aurten, gainera, egitasmoari eta osteguneko paseoari buruzko informazio xeheagoa jasotzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta horretarako, 688 76 39 63 telefono zenbakira deitu ahal izango dute herritarrek aurrerantzean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide