Euskadi Lagunkoiaren erakusketa ibiltariak Azkoitian egin du geldialdia

Ane Olaizola 2022ko ira. 19a, 14:19

Euskadi Lagunkoiak hamar urte bete dituela eta, Bizitzaz betetako bidea lelopean abiatu dute erakusketa ibiltaria, eta Aizkibel liburutegiaren aurrean jarri dute egitasmoaren berri emateko erakusketa, urriaren 3ra bitartean.

Euskadi Lagunkoiak hamar urte bete dituela eta, erakusketa ibiltaria jarri du martxan Matia fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren sustapenez. Bizitzaz betetako bidea lelopean abiatu dute erakusketa herriz herri, eta Azkoitia Lagunkoia Euskadi Sarean dagoenez, bat egin du egitasmoarekin. Hori hala, Azkoitian egin du geldialdia erakusketak, eta Aizkibel liburutegiaren aurrean jarri dute Euskadi Lagunkoia programaren xehetasunak erakusten dituen gunea. Urriaren 3ra artean egongo da zabalik.

Udalak azaldu duenez, erakusketa kubo handi batek osatzen du, eta han Lagunkoia Euskadi Sarea osatzen duten 70 udalerrien mapa, hari atxikitako 500 establezimendu eta "jardunbide egokien" adibide batzuk ageri dira. Era berean, kuboa inguratzen duen alfonbra plastikoak QR kode bat du, eta horren bidez Euskadi Lagunkoiaren webgune monografikora sar daiteke bisitaria. "Kode horretan zehaztasun handiagoz jasotzen dira Euskadi Lagunkoiari buruzko informazio guztia, haren ezaugarri definitzaileak eta lehen hamar urteetako lorpenak".

Azkoitia 2017an atxiki zen Euskadi Lagunkoiara, eta hango taldea hilero elkartu ohi da. "Hitzaldiak eta formazioari lotutako jarduerak antolatzeaz, Pasira egitasmoan parte hartzeaz edota tokiko erakundeekin bitartekaritza egiteaz arduratzen da taldea, pertsona nagusien beharrei lotutako alderdiei dagokienean".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide