Dagoeneko aurkez daitezke lanak Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketara

Anartz Izagirre 2022ko ira. 19a, 15:18
Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren 40. edizioko irabazleak eta udal ordezkariak, iaz. (Maialen Etxaniz)

Urriaren 31 izango da lanak aurkezteko azken eguna, eta abenduaren 17an jakinaraziko du epaimahaiak 41. edizioko irabazleen izena. Ohi bezala, hiru sari egongo dira. Ipuinek euskaraz idatzitakoak izan beharko dute, eta lau eta hamar horri bitartean izan beharko dituzte.

Martxan da dagoeneko Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatzen duten Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren 41. edizioa. Dagoeneko zabaldu dute lanak aurkezteko epea, eta urriaren 31 bitartean izango da horretarako aukera. Lehiaketaren helburua "euskara eta literatura uztartu eta horiek biak indartzea" da, baita "sortzaileei aukera bat eskaintzea" ere.

Lehiaketaren oinarriei eta baldintzei dagokienez, 18 urtetik gorako edonork izango du lehiaketan parte hartzeko aukera, eta lanek euskaraz idatzitakoak izan beharko dute derrigor. Gutxienez lau orriko lanak idatzi beharko dira, eta gehienez, hamar orri onartuko dituzte. Lanek orriaren alde batean soilik eta tarte bikoitzez idatzita egon beharko dute. Era berean, lanek originalak, inon argitaratu gabeak eta saritu gabeak izan beharko dute. 

Ipuinak udaletxera —Azkoitiko Udala, Herriko enparantza z/g, 20720 Azkoitia— bidali beharko dira, gaitzizen batekin izenpetuta, eta lanarekin batera gaitzizen bera daraman gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da; haren barruan, egileak bere datu pertsonalak zehaztu beharko ditu.

Guztira, hiru sari banatuko dituzte: 700, 500 eta 400 euroko saria eta oroigarria, eta epaimahaiak datorren abenduaren 17an emango du irabazleen berri.

41. edizioa

Aurtengoa Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren 41. edizioa izango da. Iaz lau hamarkada bete zituen lehiaketak, eta Elene Aierbe tolosarrak jaso zuen lehen saria, Atxumarrikoak ipuinarengatik. Bigarren saria Azkoitian geratu zen. Hain zuzen ere, Lander Albizuri azkoitiarrak jaso zuen bigarren saria, Argazkilari baten memoriak lanarengatik. Hirugarren saria, berriz, Iñaki Sanz hernaniarrak irabazi zuen Bizimina obrarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide