Euskaraldiko batzordea merkatariekin bilduko da bihar

Anartz Izagirre 2022ko ira. 19a, 09:00

Euskaraldiaren helburu orokorra azalduko dute biharko bileran, eta izena emateko aukera ere izango da. 15:30ean izango da juntadizoa, Elkarguneko lehen solairuan.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldiaren aurtengo edizioa, eta Azkoitiko Euskaraldiko batzordea dagoeneko hasi da prestaketa lanetan. Aurten, merkatarien parte hartzea sustatu nahi dute, eta horregatik, bihar, asteartea, bilera bat deitu dute merkatariekin hitz egiteko, 15:30ean, Elkarguneko Zeharkako gelan (lehen solairua).

Bilera "motza eta oso praktikoa" izango dela zehaztu dute Euskaraldiko batzordeko kideek, eta, bertan, Euskaraldiaren helburu orokorrak azalduko dituzte; era berean, izena emateko aukera ere izango dute biharko juntadizora joaten diren merkatariek.

Bilerara joan nahi dutenei aurrez abisatzeko eskatu diete. Maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko da horretarako, edo 675 85 71 11 telefono zenbakira deitu. Bihar agertzerik ez duenak bi modu horien bitartez eskura dezake egitasmoaren inguruko informazio gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide