Artzain Txakurren Arraza Libreko Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute Gaizka Etxanizek eta 'Laster' txakurrak

Andoni Elduaien 2022ko ira. 12a, 09:00

Etxaniz, eskuinetik hirugarrena. (Argazkia: Antolakuntza)

Zortzi artzainek eta bederatzi txakurrek parte hartu zuten atzo, igandea, Zestoako (Gipuzkoa) Zubillaga zelaian edo garai bateko futbol zelai zaharrean jokatu zuten txapelketa. Sei txakur igaro ziren probako bigarren fasera, eta horien artean onena Gaizka Etxaniz artzain azkoitiarraren Laster izan zen.

Gaizka Etxaniz artzain azkoitiarrak eta haren txakur Lasterrek irabazi zuten atzo, igandea, Zestoako (Gipuzkoa) Zubillaga zelaian jokatu duten XXIII. Artzai Txakurren Arraza Libreko Gipuzkoako Txapelketa. Are gehiago, iaz txapelketa irabazi zuen Ira txakurrarekin txapeldunorde izan zen Etxaniz. Zestoa amabirjin jaietako azken eguna aitzakia hartuta, han jokatu zuten txapelketa.

Zortzi artzainek eta bederatzi txakurrek parte hartu zuten proban; izan ere, Gaizka Etxaniz azkoitiarrak, 2021. urteko Gipuzkoako txapeldunak, Ira iazko txakur irabazlearekin eta Laster txakurrarekin parte hartu zuen. Lehen proba osatu ondoren, bederatzi txakur horietatik sei igaro ziren bigarren probara, tartean Gaizka Etxanizen biak.

Lanak ondoen Etxanizen Laster txakurrak egin zituela ebatzi zuten M. Garate eta B. Bengoetxea epaileek, eta beraz, hura eta Gaizka Etxaniz artzaina izendatu zituzten 2022. urteko Gipuzkoako txapeldun. Urriaren 8an, 11:30ean hasita, Zornotzan (Bizkaia) jokatuko dute Artzain Txakurren Arraza Libreko Euskadiko Txapelketa, eta Etxanizek eta haren bi txakurrek han parte hartuko dute.

Hona hemen atzoko txapelketaren sailkapena:

  1. Gaizka Etxaniz (Azkoitia)-Laster txakurra: 294 puntu
  2. Gaizka Etxaniz (Azkoitia)-Ira txakurra: 286 puntu
  3. Mikel Aizpurua (Oiartzun)-Argi txakurra: 282 puntu
  4. Javier Gastañaga (Antzuola)-Cool txakurra: 281 puntu
  5. Inaxio Etxeberria (Azpeitia)-Mis txakurra: 272 puntu
  6. Asier Dacosta (Aretxabaleta)-Zeru txakurra: 262 puntu