Emakumeen eta gizonen porrot banarekin hasi du denboraldia Anaitasunak

Andoni Elduaien 2022ko ira. 10a, 18:36

Maria Juaristik egin du emakumeen gola. (Andoni Elduaien)

Emakumeen lehen taldeak 1 eta 2 galdu du Txerloian, Leioako Emakumeak taldearen aurka. Aldiz, gizonezkoek 3 eta 2 galdu dute Pasaiako (Gipuzkoa) Jesus Mari Zamora zelaian.

Anaitasunaren lehen bi taldeek galduta ekin diote 2022-23 denboraldiari. Emakumeen lehen taldeak ezin izan du punturik urratu Leioako Emakumeak Bizkaiko taldearen aurka, eta gizonen lehen taldeari azken ordu laurdenean egin dio partidak Pasaian (Gipuzkoa).

Mikel Barqueroren aginduetara, Anaitasunako emakumeek etxean ekin diote 2022-23 denboraldiari, baina ez nahi bezala; izan ere 1 eta 2 galdu dute. 15. minutuab, markagailuan abantaila hartzea lortu du Leioako Emakumeak taldeak. Atsedenaldiaren aurretik gorritxoek neurketa zerbait estutu badute ere, ez dute aurkaria estuasun larrietan jarri.

Atsedenaldiaren ondoren iritsi da Barquerok zuzentzen duten emakumeen erreakzioa. 56. minutuan, Maria Juaristi aurrelariak lortu du banakoa egitea, atezainaren aurrean baloia ezkerrez gurutzatuta. Leioako taldeak, baina, partida amaitzeko ordu laurden falta zela lortu du bigaren gola egitea, eta modu horretan eraman dituzte hiru puntuak Txerloitik.

Gizonek ere galdu

Xabi Artetxek zuzentzen duen gizonen lehen taldea ere esku hutsik itzuli da arratsaldean Pasaiako (Gipuzkoa) Jesus Mari Zamora futbol zelaitik; 3 eta 2 galdu dute gorritxoek Pasaiaren aurka. Abagune bat baino gehiago izan ditu Anaitasunak lehen zatian aurretik jartzeko, baina aukerak ez ditu baliatu eta atsedenaldira hutsean joan dira bi taldeak.

Bigarren zatian egin dituzte bi taldeek neurketako bost golak. 65. minutuan, Julen Aramendik lortu du Anaitasuna aurretik jartzea, baina 77. minutuan egin dute pasaitarrek banakoaren gola. Kolpe latza jaso izan balu bezala erori da Anaitasuna ordun, minutu gutxian beste bi gol jaso baitituzte; 80. minutuan egin dute etxekoek bigarrena, eta 86. minutuan hirugarrena. Handik bi minutura Anaitasunaren bigarren gola iritsi da Markel Eskurtza kapitainaren eskutik, baina hark egindako golak neurketa estutzeko besterik ez du balio izan.

Datorren asteburuan, gizonek jokatuko dute Txerloian, eta emakumeek etxetik kanpo. Gizonek Portugalete jasoko dute, eta emakumeek Bizkerre B taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.